NAIZ
tolosa

Tolosaldeko Giltzarria: «Pentsatzen duzuna pentsatuta, zure iritzia garrantzitsua da»

Tolosaldeko Giltzarria plataformak, martxoaren 19an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko sortutako taldeak, batzorde sustatzailea aurkeztu du Tolosan egindako agerraldian. Guztira 38 pertsonaz osatutako lan -taldea izanen du, baina denon parte-hartzearen beharra nabarmendu dute.

«Pentsatzen duzuna pentsatzen duzula, zure iritzia garrantzitsua da. Marraztu dezagun etorkizuneko Tolosaldea gaur, bihar etorkizuneko Euskal Herria irudikatzeko», adierazi du Tolosaldeko Giltzarriak Tolosan egindako agerraldian. Erabakitzeko eskubidea gauzatuko duen batzorde sustatzailea aurkeztu dute. «Galdeketa da proposatzen dugun egitura, eta Tolosaldeko biztanleok gara egitura horren osagai garrantzitsuena», nabarmendu dute.

Batzorde sustatzaile hori osatuko duten pertsonak ere eman dituzte ezagutzera. Guztira 38: sei pertsonek osatutako talde motorra, Tolosaldeko Gure Esku Dagoko beste lau, eta eskualdeko herri bakoitzeko ordezkari bana, hau da, beste 28.

Hauen eginkizunak «galdeketa baldintza egokietan eta berme guztiekin aurrera eramatea» eta «ilusioa piztea» izango dira. Lehen helburuari begira, datozen egunetan beharrezko sinaduren bilketari ekingo diote herriz herri.

Aurretik dituzten bost hilabeteetan «giza-katearen eguneko aldartea berreskuratzea» ere badute jomuga eta horretarako «konpromisoa» hartu dute. Bide horretan, «elkarlana, aniztasuna eta ilusioa» jarri dituzte mahai gainean.