NAIZ
Leioa

Azaroaren 24an Leioako campusa «ikasle haserrez» betetzeko deia egin du ikasle mugimenduak

Ikasle mugimenduak azaraoaren 24an Leioako campusean manifestazioa egingo du. Egun horretan errektoretzako hauteskundeak izango dira, baina ikasleek nabarmendu egin nahi dute arazoa ez dela «errektore hau edo bestea, baizik eta unibertsitate eredua zein dominazio sistema».

Leioako ikasle mugimenduak manifestazioa deitu du azaroaren 24rako. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Leioako ikasle mugimenduak manifestazioa deitu du azaroaren 24rako. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

«Azaroaren 24an Leioako campusa ikasle haserrez beteko dugu, EHU instituzio burges eta zapaltzailea izanik, errefuxatu egiten dugula argi eta garbi esateko». Modu honetan, Leioako ikasle mugimenduak manifestazioa deitu du errektoretzako hauteskundeak ospatuko diren egunerako.

Leioako campusean bertan eman duten prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, «arazoa ez da errektore hau edo bestea, baizik eta unibertsitate eredu hau eta dominazio sistema». Hori dela-eta, kontra-botere espazioetatik «herri langilearen mesedera egongo den jakintza» eraikitzen ari direla azpimarratu nahi izan dute.

Honela, ikas-baldintza duinen aldeko borroka aurrera eramatea «ezinbestekotzat» jo dute. Zentzu horretan, San Mamesen larunbatetako azterketen aurka mantentzen duten aldarria, Sarrikon euskarazko gradu bikoitza «baldintza duinetan» ikasteko eskubidearen defentsa, Ibaetan hezkuntza materiala doakoa izateko eskaria, Leioan zein Gasteizen segurtasunaren izenean kontrolatuak egon nahi ez izatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan tasak altuegiak direla eta medikuntzako ikasleen euskaraz bizi, ikasi eta sendatzearen aldeko borroka ekarri dituzte gogora.

Honen aurrean ikasleria osoari 24an egingo duten mobilizazioan parte hartzeko gonbitea luzatu diote.