Nafarroa hegoaldean euskara sustatzeari zuzenki lotutako kanpaina berri bat aurkeztu du igande honetan Errigorak Arrasaten. Urtero legez, Nafarroa hegoaldeko produktuekin osatutako saskiak eskuratu ahal izango dira Euskal Herrian barrena.
Errigorarekin hasi zirenetik gaur arte euskarak Nafarroa hegoaldean izan duen bilakaeraren berri emanez hasi dute agerraldia, baina aipatu bilakaeran etenik ez izateko bultzada berri bat behar dela azpimarratu dute.
Zentzu horretan, haur zein helduek euskara ikasten jarraitzeko aukerak eta espazioak eskaini behar zaizkiela aldarrikatu dute.
Guzti hau auzolanaren figuraren baitan egitea proposatu dute, eta horregatik gerturatu dira Arrasatera kanpaina berriaren aurkezpena egitera, kooperatibismoaren lurraldera.
Kanpaina berria astelehen honetan hasiko da eta azaroaren 8an amaitu. Tarte horretan, Nafarroa hegoaldeko produktuekin (20 ekoizle ezberdinenak) osatutako bi saski ezberdinen artean hautatzeko beta izango da.