Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Euskal Elkargoaren gobernantzan dagokion ordezkaritza eskatu du EH Bai-k

Ipar Euskal Herriko lurralde osoa kontuan hartuko duen erakunde berriaren abiatze atarian, bertako egituretako ordezkariak izendatzen ari dira asteotan. EH Bai-k demokratikoki dagokion ordezkaritza errespetatzeko eskatu du Baionan. Euskal Elkargoari derrigorrezko eskumenetik harago, hautazko batzuk ere bere gain hartzea ezinbesteko jo du, esaterako, hizkuntza politika edota trantsitzio energetikoa.

EH Bai-ko ordezkarien agerraldia.
EH Bai-ko ordezkarien agerraldia.

Jean-Claude Mailharin, Anita Lopepe eta Peio Etxeberri-Aintzart EH Bai-ko kideek ezkerreko mugimendu abertzaleari Euskal Elkargoaren gobernantza egituretan demokratikoki dagokion ordezkaritza aintzat hartzea eskatu dute. Horretarako, 2014an eginiko udal hauteskundeen emaitzetan oinarritzea litzateke, beren esanetan, logikoena.

Izan Biltzar Nagusian edota Batzorde Iraunkorrean eta Exekutiboan, «orain artean erakundearen alde aritu garenon presentzia orekatua beharrezkoa» dela irizten diote.

Irizpide demokratiko horrez gain, edukiez janzterakoan, Euskal Elkargoak derrigorrezko eskumenezkoak ez diren hainbat problematika ere bere egin beharko lituzke. Horien artean nabarmendu dituzte gizon eta emakumeen arteko parekotasuna, hizkuntza politika, trantsizio energetikoa, diskriminazioaren kontrako borroka eta demokrazia partehartzailea gizarte zibilaren presentzia izateko. Halaber, orain artean arlo sozialeko hainbat zerbitzutan, batik bat, prekaritate handian bizi diren pertsonei begirakoak, hurbiltasuna bermatzea eskatu diote erakunde berriari.

Euskal Elkargoaren eraikuntzan beren parte hartze osoa hartzeko prest direla berretsita, «biharko egiazko eta berezko lurralde erakunde» baten ernamuina izatea dute helburu eta zentzu horretan jadanik lanean hasiko direla adierazi dute.