NAIZ
ALTSASU

Boteretze feminista ardatz antolatu ditu EHBFk VII Topaketa Feministak

15 urte beteko ditu 2017an Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Altsasun asanblea nazionala egin du gaur, bertan urteurrenaren harira antolatutako ekimenen berri eman dute. Nagusia maiatzaren 6rako antolatu duten VII. Topaketa Feminista, boteretze feminista izango du ardatz.

Bilgune Feministako kideak goizean Altsasun. (EHBF)
Bilgune Feministako kideak goizean Altsasun. (EHBF)

2002an ekin zion bere bideari Euskal Herriko Bilgune Feministak eta gaur 15. urteurrenaren harira dituzten helburuen berri eman dute Altsasun. Maiatzaren 6rako antolatu dituzten VII. Topaketa Feministak iragarri dituzte, horietan boteretze feministaren gaia izango dela ardatz nagusia aurreratu dute.

15 urteko ibilbidearen berri eman ostean orain bi urte Ondarroan egindako topaketan izandako ondorio nagusiak ekarri dituzte gogora, bertan hiru erronka nagusi identifikatu zituztela azpimarratuz: burujabetza feministaren inguruko eztabaida soziala sustatzea, ongi bizitzearen kontzeptualizazioan eta praktikan sakontzea eta burujabetza feminista erdiesteko lidergo feminista indartsu bat ehuntzea.

Bilgune Feminista «Euskal Herriaren burujabetza feminista erdiesteko anbizio politikoz» jaio zela gogoratu dute gaur eta horretarako «indar feminista artikulatzen, ehuntzen, zaintzen» jarraituko dutela.

Topaketen aurretik beste bi hitzordu ere iragarri dituzte. Otsailaren 11rako espetxe martxa feminista antolatu dute «Libre ezin, aske gara!» lelopean. Martxoaren 25ean sozio-ekonomia mintegia izango da eta topaketen ostean, ekainaren 3an, erakundetze feministaren inguruko mintegia izango da.