NAIZ
BILBO

Garoñako zentrala behin betiko itxi eta eraitsi dezatela exijitu dute Bilbo eta Gasteizen

Garoñaren Kontrako Foroak deituta, zentral nuklearraren behin betiko itxiera eta eraispena exijitzeko mobilizazioak egin dituzte Bilbo eta Gasteizen. Euskal erakunde eta ordezkari politikoen «inplikazio eskasa» ere gaitzetsi dute.

Garoñako zentralaren aurkako elkarretaratzea Bilbon, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Garoñako zentralaren aurkako elkarretaratzea Bilbon, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Garoñaren Kontrako Foroak zentral nuklearraren behin betiko itxiera eta eraispena exijitzeko protestak egin ditu Bilbo eta Gasteizen.

Bizkaiko hiriburuan, beste eragile sozial eta ekologista batzuetako kideekin batera, Oskar Matute eta Josu Unanue EH Bilduko kideek hartu dute parte Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean egin den elkarretaratzean.

Foroaren izenean, Marisa Castrok azpimarratu du Garoñako zentral nuklearra 2012tik itxita dagoela eta, beharrezkoa ez izateaz gain «arriskutsua» dela nabarmendu du, Bilbotik 60 kilometrora eta «Bizkaiari edaten ematen dion» Ordunteko urtegitik 37 kilometrora dagoelako.

Erakundeen zein ordezkari politikoen «inplikazio eskasa» salatzeaz gain, Castrok adierazi du Garoñaren itxiera eta eraispena Lakua eta Madrilgo Gobernuen arteko elkarrizketa agendan «lehentasunezko» puntu bat izan beharko litzatekeela.

Zentzu horretan, EAJ eta PSEri konpromiso zehatzak har ditzatela eskatu dute.

Otsailaren 4an mobilizazio gehiago egingo dituztela ere iragarri dute.

Atzokoan, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) Garoñari buruzko txosten teknikoa jaso zuen, hainbat mediok filtratu dutenez, hainbat baldintza ezarrita zentral nuklearra berriz irekitzearen alde agertzen da.

CSNren osoko bilkurak ere jarrera hori hartuko balu, Industria Ministerio espainolaren esku egongo litzateke azken hitza.