NAIZ

Alex Txikonek ez du baztertu Everest igotzeko saiakera

Alex Txikonek ez du baztertu Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzen lehena izateko saiakera, Twitter bidez jakinarazi duenez. Oinarrizko kanpalekuan dago mendizale bizkaitarra.

Txikon, izotz bloke handien artean. (Alex TXIKON)
Txikon, izotz bloke handien artean. (Alex TXIKON)

Alex Txikon oinarrizko kanpalekura itzuli da, eguraldi txarra dela-eta. Efe agentziak, Seven Summit Trek taldeko zuzendari den Mingma Sherpa iturri hartuta, Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzeko saiakera bertan behera utzi duela zabaldu duen arren, lemoarrak gezurtatu egin du bere Twitter kontuaren bidez.

Aurki dena kronika batean kontatuko duela adierazi du mendizale bizkaitarrak.

Haize bolada indartsuek atzo behartu egin zuten laugarren kanpalekutik hirugarrenera jaistera, eta gaur oinarrizko kanpalekuraino (5.800 metro) jaistea erabaki du.

Halako igoera batek aukera bakarra eman ohi du, eta atzo laugarren kanpalekura (7.950 metro) igo ostean, hirugarrenera jaitsi beharrean izan ziren, haizea zela-eta.