NAIZ
DONOSTIA

Kamasi Washington, The Pretenders eta Bryan Ferry, 52. Jazzaldian izango direnen artean

Datorren uztailaren 20tik 25era Donostian egingo den 52. Heineken Jazzaldian izango diren izenetako batzuk ezagutzera eman ditu antolakuntzak: Kamasi Washington, Herbie Hancock, Bryan Ferry, The Pretenders eta Wayne Shorter, besteak beste.

The Pretenders taldea, 2006an Bilbao Live Tour jaialdian emandako kontzertuan. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
The Pretenders taldea, 2006an Bilbao Live Tour jaialdian emandako kontzertuan. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, Heineken Jazzaldiaren antolatzaileek 52. edizioaren kartelaren lehen izenak eman dituzte ezagutzera. Jazz garaikideko «egungo fenomenoetako» bat, Kamasi Washington saxofoi-jotzailea, da Gipuzkoako hiriburua bisitatuko duen artistetako bat.

Harekin batera izango dira, besteak beste: Bryan Ferry, The Pretenders, Herbie Hancock, Gregory Porter, Macy Gray, Hiromi eta Abdullah Ibrahim-Hugh Masekela.

Sarrerak otsailaren 23an jarriko dituzte salgai, goizeko 11.30ean, Jazzaldia, Donostia Kultura eta Kursaaleko webguneen bitartez. Victoria Eguniako eta Antzoki Zaharreko lehiatiletan ere izango da erosteko aukera.

Hiriko agertoki desberdinak doinuz beteko ditu jaialdiak, horien artean Heineken Agertoki Berdea, Zurriolan doaneko kontzertuak eskaintzen dituena. Uztailaren 21ean, gailurrean hasiko da puntu honetako egitaraua, The Pretenders taldearen emanaldiarekin. Han izango dira baita Sir The Baptist, Cory Henry, Snarky Puppy, Niña Coyote eta Chico Tornado, Fantastic Negrito, Lucky Chops, King Creosote eta Montreal taldea.

Gainera, Victoria Eugenia antzokian europar jazzaren hainbat sortzailek euren lanak eskainiko dituzte, hain zuzen, Chano Dominguez eta Stefano Bollani, Atmosphères, Arfolia Libra, Marco Mezquida eta Chicuelok.

Aurreko edizioan arrakasta handia izan zuen San Telmo museoko patio estalian eguerdietan emanaldiak egiteko apustu berritzaileak eta aurten ere eutsi egingo diote gune horri, jazzaren unibertsoko zenbait izar omentzeko baliatuko dutena, beren urteurrenak beteko direla baliatuz (Ella Fitzgerald, Thelonious Monk eta Dizzy Gillespieren ehungarren urtemuga eta John Coltraneren heriotzaren 50. urteurrena).

Iñaki Salvadorren laukoteak Thelonious Monk gogoratuko du, Deborah Carterren boskoteak Ella Fitzgerald, Chris Kaseren seikoteak Dizzy Gillespie, eta Mikel Anduezaren zazpikoteak John Coltrane. San Telmoko zikloa Elena Setien abeslari donostiarrak osatuko du, disko berria aurkeztuz.

Era berean, Estatuko jazz musikari onenekin batera, Musikeneko ikasleek ere izango dute tartea gune honetan.

Horrekin guztiarekin batera, beste agertoki batzuetan (Skoda gunea, Frigo agertokia, Coca-Cola gunea eta abar), Uri Caine, Ernie Watts, Ray Gelato, Gabacho Maroc, Houston Person, Kevin Mahogany, Rajab Suleiman & Kithara de Zanzibar edota Anna Meredith entzuteko aukera izango da.