NAIZ
BILBO

Martxoaren 9an EAEko hezkuntza sektorean greba egitera deitu dute CCOO eta UGT sindikatuek

Heziberri, LOMCE eta murrizketen aurka protesta egiteko, datorren martxoaren 9an Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hezkuntza sektorean greba egitera deitu dute CCOO eta UGT sindikatuek.

PP eta EAJren gobernu berriekin, Madrilen eta Lakuan, «gauza gutxi» aldatu direla azpimarratu dute CCOO eta UGT sindikatuek. Aplikatzen diren «murrizketak hezkuntza eskubidea zerbitzu publikoen pribatizazioarekin ordezkatzera» bideratuta daudela azpimarratu dute.

Irakaslegoa hezkuntza sistemaren funtsezko zatia direla nabarmendu ondoren, bi sindikatuek esan dute bi gobernuek adierazi dutela negoziazioari ekiteko asmoa. Alabaina, salatu dute negoziazio hori eta hitzemandako hobekuntzak ez direla iritsi.

«Uste dugu beharrezkoa dela hezkuntza sistema hobe eta demokratikoago baten alde apustua egiten jarraitzea, baina PP eta EAJren hezkuntza politikek gizarteko talde txiki bat baino ez dute asetu nahi», azpimarratu dute eta, horregatik, martxoaren 9an greba egiteko deia egin dute.

Heziberri, LOMCE eta murrizketen aurka egitearen beharra azpimarratu dute.

Martxoaren 22rako deialdia

Joan den ostegunean, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako unibertsitatetik kanpoko hezkuntzan greba deitu zuten, martxoaren 22rako. Hezkuntza sistemen garapena bultzatzeko, sindiaktuek hezkuntza publikoko plantillak handitzea eskatu zuten sindikatu hauek, 2.000 langile berrirekin EAEn eta 900 lanposturekin Nafarroan.

Era berean, behin-behinekotasuna %6 batean murrizteko beharra nabarmendu dute, eta gela bakoitzeko ikasle kopurua %10 batean jaistea ere. Ordezkapenak berehalakoak izatea, bajak bere osotasunean ordaintzea eta jubilazioa ahalbidetzeko neurriak ere defendatu dituzte.

Honela, hezkuntza «LOMCEtik ateratzea, ezinbestekoa» dela adierazi dute, eta honen inguruan «hausnarketa kolektiboa» egiteko beharra azpimarratu.