Gotzon ARANBURU
GASTEIZ

Euskal pilotariak Mexikon

Orduko 302 kilometro. Hori da munduko errekorra, zesta puntako pilotari dagokionez, eta bizkaitar batek jarri zuen, Jose Ramon Areitiok, Estatu Batuetako Rhode Island-eko pilotalekuan 1979an. Datozen egunotan Euskal Herritik Mexikora abiatuko diren pilotariek ez diote beharbada oraindik horrelako abiadurarik emango pilotari, baina errekor bat jarri dutela ia segurua da: 17 urte besterik ez dauzka taldeko gazteenak, Gasteizko Aaaron Gonzalez de Matauko mutikoak.

Julen del Rio, Ekhi Martinez eta Aaron Gonzalez de Matauko, Mexikora abiatu aurretik Gasteizen. (Gotzon ARANBURU)
Julen del Rio, Ekhi Martinez eta Aaron Gonzalez de Matauko, Mexikora abiatu aurretik Gasteizen. (Gotzon ARANBURU)

Historia handiko pilotalekua da Frontón México. Bederatzi milioi biztanleko hiriaren bihotzean dago eta zesta puntako izan askok jokatu zuten han 1996an itxi zen arte. Orain berriro ateak irekitzera doa, kirol, ostalaritza eta merkataritza gune bilakatuta. Edozein eratan, pilotalekuak jarraituko du izaten bizkarrezurra, eta hor jokatuko duten puntistak aukeratzen ibili dira Antonio Cosío jabearen ordezkariak Euskal Herrian.

Guztira 32 pilotarik osatuko dute Frontón México berriaren koadroa. Horietatik hamalau mexikarrak izango dira, eta beste hemezortziak Euskal Herritik eta Biarnotik joango dira. Enpresaren ordezkari talde bat –horietan artean Pedro Andrinua intendentea eta Mikel Egiguren pilotaria– aritu da Gernikako Jai Alain eta Hondarribiko Jostaldin puntistak aukeratzen, berrogeita hamar mutilen artean.

Mexikoko hiriburuan jokatuko duten pilotari euskaldun gehienak Ipar Euskal Herrikoak izango dira, esaterako Nicolas Etcheto, Eric Irastorza, Ludovic Laduche, Christophe Olha edo Jon Tambourindeguy. Paueko Section Palaise klubeko Jean Olharan eta Jerome Portet ere Mexikoratuko dira. Horietako batzuek badute eskarmentua kirol honetan, beste batzuk hasiberriagoak dira. Imanol Lopez zumaiarra, munduko atzelari onenetako bat, hiriburu aztekan bizi da eta koadroko kide izango da. Hego Euskal Herritik oraingoz hiru pilotarik egingo dute jauzi Atlantikoaren beste ertzera, hain zuzen ere Julen del Riok, Ekhi Martinezek eta Aaron Gonzalezek, hirurak ere Gasteiz Jai Alai klubekoak.

Olabe pilotalekuan izan dugu hiru pilotari gasteiztarrekin solasteko parada. Aurrena entrenamendua egin dute; ikusgarria da pilotari ematen dioten abiadura, eta zirraragarria pilotak airean doanean ateratzen duen ziztu soinua, baita frontisean jotzerakoan entzuten den zartakoa ere. Arriskutsua da kantxan argazkiak ateratzera sartzea buruan kaskorik jantzi gabe. Ekhik eta Julenek atzean jokatzen dute, eta bala bat bezala ateratzen da pilota zestatik, pilotariak erremintan hartuta eman dion energia guztia askatzen denean. Goian aipatu ditugun 302 kilometro orduko baino abiadura handiagoak ere izan direla sinetsita daude adituak, baina ez dira izan ofizialki erregistratuak.



Ramon Urbina Arabako Pilota Federazioko komunikazio arduraduna da, eta gertutik ezagutzen ditu hiru mutilok. Gazteak izan arren (17, 21 eta 24 urte) hirurek dute eskarmentua zesta puntan, Pro-Am txapelketan jokatuta baitaude, adibidez. «Egun pilota eskolan ditugun onenak dira. Guztira hogei bat neska-mutiko dabiltza gazteen mailan, eta hogeita hamabostetik gora senior mailan» diosku Ramonek.

Umetan jokatzen hastea

Zesta puntako jokalari ona izatera iristeko ezinbestekoa da umetan hastea, mugimendu eta keinu teknikoak ahalik eta goizen barneratzeko. Hazi ahala, indarra hartuko du pilotariak besoetan, ezinbestekoa pilotari abiadura emateko. Ikusi besterik ez dago puntistek izaten dituzten beso zuztarrak. «Hori bai, gorputz egokia izan arren entseatzen ez baduzu –entseatzea esaten diote zesta entrenamenduari– alferrik ibiliko zara eliteko puntista bihurtu nahian. Kantxa ahalik eta gehien zapaldu behar duzu, ordubete libre duzunean zesta lotu behar diozu eskuari» dio Ramonek.

Ekhiren ezaugarrietako bat horixe da, langile amorratua dela. Eta ez bakarrik pilotalekuan; zestak egiten ere aritzen da eta Mexikora berak egindako bat eraman du. Oso umetan hasi zen pilotan, zazpi bat urte besterik ez zituela. Osaba puntista zuen eta aitona oso zalea, Gasteiz Jai Alai klubeko izatera iritsi zena. Enpresaria zen eta zesta puntari laguntzeko dirua eman ohi zuen aititak. Hala, hamazazpi urte pilotalekuan emanda, ez da harritzekoa Ekhik Ameriketako abenturari ekiteko sobera prestatua ikustea bere burua. «Esperantza handiak dauzkagu jarrita Mexikon. Zesta puntaren katedraletako bat izan da Frontón México eta berriro hala izango dela sinetsita gaude. Sinatu eta joan, gero han ikusiko dugu nola moldatzen garen» diosku atzelariak.

Julenek eskuineko besoa du aparta, horretan mundu guztia ados dago. Hau ere txikitatik frontoian dabilena da, anaia zaharragoek zesta puntan nola jokatzen zuten ikustera etorrita. Lehenengo aukera eman ziotenean ez zuen zalantzarik eta erreminta eskuari lotu zion.

Lau hilabete, astean lau egun

Lehenengo denboraldi hau lau hilabetekoa izango dute Mexikon, astean lau egunetan jokatuz, baina Julenek badu esperantza aurrerantzean denboraldi osoa jokatzeko aukera izateko: «Pertsona gisa eta pilotari gisa hobetzeko aukera da hau guretzat, eta aprobetxatu egin nahi dugu. Bai, oso hiri handira goaz, baina geure burua zaintzen jakingo dugu. Pisu berean egongo gara hiru gasteiztarrak, pilotalekutik gertu, konplikaziorik gabe».

Euskal Herritik abiatu den taldeko gazteena Aaaron Gonzalez da, eta ez zuen asko usteko duela urte batzuk puntista profesional izateko bidean izango zenik. Kazetariak kirol honetan zergatik hasi zen galdetu dionean ez da zurikerian ibili: «Etxekoek behartu nindutelako. Gogoz kontra ekarri ninduten frontoira eta negarrez etorri nintzen. Baina gure etxean kirol hau oso inportantea da eta beharko hasi. Orain ez naiz damutzen eta puntista profesionala izan nahiko nuke» diosku garbi asko.

Jakina, 17 urte izanda ikasketei buruz galdetu behar, eta onartu du Aaronek aurtengo ikasturtea ezingo duela ondo burutu, baina horrek ez dio aparteko kezkarik sortzen, ez berari eta ez bere gurasoei, hain daukate eta garbi Mexikoko aukeraz baliatu beharra daukala mutilak. Ez du ematen apustu burugabea, ondo ezagutzen dutenak bat datoz eta: artista bat da aurreko koadroetan eta etorkizun handia dauka.

Mexikon astean lau egunetan izango dituzte partidak, hain zuzen ere astearte, ostegun, larunbat eta igandean, funtzio bakoitzean hiru partida eta bi kiniela. Partidak 30 tantora jokatuko dira, 62 metroko kantxan.

Ibarra anaiak

Gazte hauei bidea irekitzen aritu direnak ere ezin ahaztu. Ibarra anaiek –Agustin, Esteban, Isaias eta Juanjo– dute zeresan berezia, familia hau izan da eta zesta puntaren sinbolo Gasteizen. Isaias eta Esteban pilotari profesionalak izandakoak dira Filipinetan eta gazteei teknika erakusten eta aholkuak ematen aritzen dira Olabe frontoian, nekaezin. Esteban, gainera, zestagilea da, geratzen diren bakanetakoa.

Ibarratarren eskolako «produktu» bat, Juanan Compañon gasteiztarra, ‘Konpa’, Euskal Herriak eman duen puntista onenetakoa izan da. Hogeita bi urteko ibilbidean 900 partida baino gehiago jokatu zituen, 1992ko Joko Olinpikoetan urrea lortu zuen eta Munduko Txapelketa ere bai. 2014an utzi zuen zesta punta. ‘Pilotaraba’ aldizkarian egindako elkarrizketa batean, 1993an hileko lau mila dolar irabazten zituela Estatu Batuetan adierazi zuen, Katxin Uriarte, Bolibar, Beaskoetxea eta abarren garaietan.

«AEBetan hamalau frontoi zeuden orduan. Han zebiltzan euskaldunak udan hona etortzen ziren jokatzera, eta ehunka lagun geratzen ziren partidak ikusteko sarrerarik gabe, denak saltzen zirelako» esan zuen ‘Konpa’k elkarrizketa hartan.

Garai batean zesta puntako dozenaka frontoi zeuden Ameriketan, horietatik hogeita bost Estatu Batuetan. Dirua barra-barra mugitzen zen apustuetan. Filipinetakoak eta Mexikokoak itxi ziren, eta Estatu Batuetan hiru bakarrik daude irekita. Hala ere, oraindik euskaldun mordoa ari da han profesionalki jokatzen. Beste asko itzuli egin ziren Euskal Herrira. Ramon Urbinak azaldu digunez, Estatu Batuetan gutxienez hamar urtez pilotari izandakoek bizi osorako pentsioa jasotzen dute, 500-1.000 dolar artekoa. Beste kirol batzuk tokia jaten joan ziren zesta puntari, grebak ere izan ziren, eta oso denbora gutxian hondoa jo zuen Jai Alaik.

Grebak

Grebak aipatuta, esan beharra dago Frontón Méxicon 1996an izandako greba oraindik ez dagoela erabat itzalita. Bost langile ohik aldarrikapenarekin segitzen dute gaur egun, eta ‘Proceso’ webgunearen arabera, mehatxatuta daudela salatu dute. Duela 21 urteko greba frontoiko 79 langilek hasi zuten, Miguel del Río enpresariak ez ziela soldatak ordaintzen-eta. ‘Proceso’ atariak garai bateko giroa –garai oparoa alajaina– nolako zen ere azaltzen du: «Traje eta gorbata jantzita zihoazenak soilik sar zitezkeen frontoira. Pilotariak luxuzko autoetan iritsi ohi ziren. Estelarra gaueko hamarretan hasten zen, Hipódromo de las Américas-en zetozen apustulariei iristeko denbora emateko. Pilotari hasi berriek 5.000-6.000 dolar artean irabazten zituzten hilean, joan den mendeko 90. hamarkadan. Enpresak 70-90 milioi peso poltsikoratzen zituen astero, apustuetan jokatutako %20 eskuratuta».