NAIZ

Martxoaren 22rako LAB, ELA eta Steilasek EAEko hezkuntzan deitutako greba erregistratu dute

Martxoaren 22an greba egonen da EAEko hezkuntza publikoan, ELA, LAB eta Steilasek gaur erregistroa egin eta gero. Irakasle, haur eskoletako eta hezkuntza bereziko langile, garbitzaile eta sukaldariek pairatu dituzten murrizketak salatuko dituzte. 30.000 langile eta 250.000 ikasle daude grebara deituta.

Hezkuntzan greba erregistratu dute ELA, LAB eta STEILASek martxoaren 22rako. (@labirakaskuntza)
Hezkuntzan greba erregistratu dute ELA, LAB eta STEILASek martxoaren 22rako. (@labirakaskuntza)

EAEko hezkuntza publikoan greba izanen da hilaren 22an. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, deituta, irakasle, haur eskoletako eta hezkuntza bereziko langile, garbitzaile eta sukaldariek pairatu dituzten murrizketak salatuko dituzte.

Sindikatuek adierazi dutenez, «Lakuak utzi duen irtenbide bakarra da». Zentzu honetan, adierazi dute hau ez dela mobilizazioa bakarra izango. «Haiek mugitzen ez badira, gu mugituko gara», azpimarratu du Steilaseko Ana Perezek.

LABeko Aritz Albonigak Lakuari leporatu egin dio «murrizketek sortutako egoera iraultzeko asmo eza». Aurreko astean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak dudan jarri zuen murrizketak egin izana eta Uriartek murrizketak «inork baino hobe» ezagutzen dituela azpimarratu du Albonigak.

Murrizketa horiek datutan zehaztu ditu ELAko Xabier Irastorzak: «2009-2010 kurtsotik 2.000 lanpostu baino gehiago desegin dira. Honen aurrean, 2.000 lanpostu sortzea, 6.000 egonkortzea eta ordezkapenak «lehen egunetik» egitea aldarrikatu du. Era berean, klase bakoitzeko ikasle kopurua jaisteko beharra nabarmendu du.