Londresen egoitza duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez YPG milizietako 18 kide hil ditu Turkiak Al-Hasaka probintzian eginiko erasoan.
Turkiaren hegazkinek YPG milizien informazio zentro bati eraso egin diotela zehaztu du aipatu iturriak.
Herri Babeserako Unitateek baieztatu dute aire erasoak hildakoak eta zaurituak eragin dituela, baina ez dute kopururik zehaztu.
Turkiaren eraso «koldarra» gaitzetsi du YPG indarretako ordezkari batek, Eferi telefonoz eginiko adierazpenetan. Indar kurduen aurka eginda Turkiak Estatu Islamikoari laguntzen diola salatu dute.
Peshmergen aurka
Horrez gain, Iraken menpe dagoen Hegoaldeko Kurdistanen ere eraso egin du Turkiak, gutxienez peshmerga indarretako bost kide hil eta beste bederatzi zaurituz.
Peshmerga Armadaren Ministerioak Sinjar mendien inguruan jazo den eraso hau baieztatu du.
Hegoaldeko Kurdistango Gobernu autonomoak, ohar baten bitartez, gogor kritikatu du Turkiaren eraso «onartezina».
Azkenik, Turkia eta Siriaren arteko mugaren inguruan dagoen Hakkari probintzian eginiko beste eraso batean, PKKren ustezko sei kide hil ditu Turkiako Armadak.