NAIZ
BAIONA

Hegaztirik ez dute hilko Gabadi, Domintxaine eta Barkoxen

ELB sindikatuak berri eman duenez, Domintxaine, Gabadi eta Barkoxen hegazti-gripea dela-eta hiltzekoak ziren oilo eta ahateak «salbatuak» dira eta ez dituzte sakrifikatuko. Osasun zerbitzuen zaintzapean jarri eta analisiak egin beharko dituzte.

Laborariak Domintxaineko etxaldearen aurrean, poliziei bidea oztopatzen. (Bob EDME)
Laborariak Domintxaineko etxaldearen aurrean, poliziei bidea oztopatzen. (Bob EDME)

«Kabale sanoak salbatuak dira, zaintze sanitarioa onartu du administrazioak», azaldu du ELB sindikatuak ohar batean. Laborantza Ministerio frantsesak Gabadi, Domintxaine eta Barkoxeko hiru etxaldetako hegaztiak hiltzeko agindua eman zuen, baina laborari eta herritarren mobilizazioek asmo hori eragotzi zuten birritan, azkena apirilaren 21ean.

ELBk adierazi duenez, oilo eta ahateak zanitzapean jarriko dituzte eta hiru etxaldeetako ekoizleek analisiak egin beharko dituzte hegaztiak sano daudela baieztatzeko. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak agiriak bidali dizkie, erabakiaren berri emateko.

Mobilizazioak, funtsezkoak

Sindikatuaren iritziz, mobilizazioak funtsezkoak izan dira hegaztiak salbatzeko. «Kalitatezko laborantza eta kalitatezko janaria sostengatzeko» mobilizatu direla nabarmendu du.

Nolanahi ere, ekoizleek egin behar dituzten analisien kostu «ikaragarriaz» ohartarazi du eta administrazioaren jarrera ere salatu du, «mehatxatzeko arma guztiak erabiliko dituela» uste baitu sindikatuak.

«Bistan da, ez dugu horrelakorik onartuko edozein jazarpen agertzen balitz ondoko egunetan», nabarmendu du ELBk.

Aurrera begira, erronka etxaldeen arriskuak kontuan hartuz «bio-segurtasun» arauak onartaraztea dela adierazi du.