NAIZ
DONOSTIA

Interneten euskararen erabilera areagotzeko lankidetza-proiektua aurkeztu dute

‘Interneten ere, lehen hitza euskaraz’ lankidetza-proiektua aurkeztu dute PuntuEUS Fundazioak, CodeSyntaxek, Ikastolen Elkarteak eta Kontseiluak. Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko helburua du egitasmoak.

Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Eneko Astigarraga (CodeSyntax), Josu Waliño (PuntuEUS) eta Paul Bilbao (Kontseilua), egitasmoaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Eneko Astigarraga (CodeSyntax), Josu Waliño (PuntuEUS) eta Paul Bilbao (Kontseilua), egitasmoaren aurkezpenean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostian eginiko agerraldi batean, interneten euskararen erabilera areagotzeko helburua duen ‘Interneten ere, lehen hitza euskaraz’ egitasmoaren berri eman dute PuntuEUS Fundazioaren, CodeSyntaxen, Ikastolen Elkartearen eta Kontseiluaren ordezkariek.

Proiektuaren sustatzaileen arabera, panorama «kezkagarria» da. Izan ere, egin duten neurketaren arabera, Euskal Herriko internauten %3-5 inguruk bakarrik dauka euskara zehaztuta nabigazio-hizkuntza gisa. Euskaldunen artean zifra hori bikoiztu egiten den arren (%10 inguru), «oso kopuru txikia» da.

«Internauta teknofilo eta motibatuenen artean ere, gehiengoa dira nabigazio-hizkuntza erdara daukatenak (%70-80ra bitartean)», adierazi dute.

Ohartarazi dutenez, euskaraz nabigatu ezean, «webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, mugikorren eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko».

Erabiltzaileei eta webguneen arduradunei zuzenduta

Hori dela-eta, aipatu eragileek nabigatzaile eta mugikorrak euskaraz jartzeko kanpaina abiatuko dute, erabiltzaileei eta webguneen arduradunei zuzenduta egongo dena.

Alde batetik, erabiltzaileei nabigatzaileak eta mugikorrak euskaraz jartzeko deia egingo zaie erabiltzaileei. «Bakoitzak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo diogu hizkuntzaren normalizazioari», azpimarratu dute. Aldaketa errazteko bi baliabide sortu dituztela azaldu dute: automatikoki nabigatzailea euskaratzen duen plugina eta telefono mugikorra euskaratzen duen aplikazioa, mugikorrak onartzen duen kasuetan.

Haur, nerabe eta gazteei pausu hori egitearen garrantziaren berri emateaz gain, erreminta horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea izango da helburua. Horretarako unitate didaktiko bat prestatu dute.

Bestetik, webguneen arduradunei ere euskara lehenesteko deia egin diete sustatzaileek, haien webguneak defektuz lehen orria euskaraz erakutsi dezaten, hautua cookien esku utzi beharrena.

II. Euskarazko Interneten Eguna

Egitasmoa bihar aurkeztuko dute jendaurrean, bigarrenez ospatuko den Euskarazko Interneten Egunean. Aurten, Azpeitian ospatuko dute.  

Festa giroan bilduta, Internet Eguna ospatu eta euskarazko interneten sustapenean eragitea da helburua. Hitzordua San Agustin Kulturgunean jarri dute, arratsaldeko 19.00etan. Hantxe izango dira Miren Gaztañaga aktorea eta Xabi Solano eta DZ musikariak, beste sorpresa batzuen artean.