Haritz LARRAÑAGA

Surflariak Biarritzen bildu ziren Euskal Herriko Surf Selekzioaren alde

Herrialdeen arteko munduko ISA surf txapelketa hasi da Biarritzen. Mundu osotik etorritako selekzio andana ari da lehian Lapurdiko kostaldean eta badira parte hartzen ari diren euskal surflariak ere, baina ez Euskal Selekzioarekin, parte hartzea galarazi baitiote.

Surfeko euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea Biarritzen. (Haritz LARRAÑAGA)
Surfeko euskal selekzioaren aldeko elkarretaratzea Biarritzen. (Haritz LARRAÑAGA)

Hori salatzeko surflari talde bat bildu zen atzo, larunbatez, txapelketa eremuan. Bertan izan ziren, besteak beste, alderdi desberdinetako ordezkariak, Lapurdiko surf elkarte desberdinetako ordezkariak eta Euskal Herri osotik bertaratutako surflariak, Axi Muniain olatu handietako surflari famatuak adierazi zuen moduan, «euskaldunok, gutxienez, Euskal Herrian parte hartzeko eskubidea izan beharko genukeela aldarrikatzeko».

Aurreko egunetan surflariek antolatutako herri kirolak eta ekitaldi folklorikoa debekatu zituen udaletxeak eta ikurrina zeraman jendeari hondartzara gerturatzen ez uzteko agindua ere emana zioten poliziari, baina bilera batean ostean ekitaldia egiten ez utzi arren ikurrinak zeramatzan jendea bakean utziko zutela agindu zuten udaletxeko ordezkariek. Polizaren presentzia handia bazen ere, giro onean eta lasai pasatu zen elkarretaratzea.