Maite UBIRIA BEAUMONT

Bolalumaz debekuak ezabatuz

Zeruak ekaitza iragartzen zuen eta «Brebeta ere euskaraz» zioen banderola astintzen zuen haizeak tarteka. Hala, kolegioan, intsumisioaren bolalumaz, euskaraz idazten ziharduten ikasleek babesa jaso zuten Seaskaren eskutik.

Donibane Garaziko Zitadelako eta Kanboko Errobi kolegioetan bezala, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioaren atarian elkarretaratzea egin zuten, atzo eguerdian, brebet azterketa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Oren batean ezarri zuen hitzordua Seaskak, eta tenore horretan hamarka lagun, guraso, irakasle eta ikasle ohi elkartu ziren kolegioko atarian, baita “Brebeta ere euskaraz” zioen banderolaren gibelean kamiseta berdea zeramaten lizeoko ikasle ohiak ere. “Baxoa euskaraz” aldarrikapena haizeratu zuten duela zenbait egun, Lizeoko amaierako proba beren ama hizkuntzan egiteko borondatea azalduz. Atzo, horiek lizeoan utzitako tokia hartuko duten kolegioko ikasleei elkartasuna adieraztera etorri ziren.

Hain zuzen, elkarretaratzea burutu zen tokitik metro gutxira, ikastetxeko patioan urduritasuna gainditu nahian azterketa-gelara sartzeko zain ziren ikasleei babesa adierazteko antolatu zen ekimena.

Ikasle intsumisoak

Ikasle horiek, elkarretaratzean parte hartu zuen Aimar Lopez Erasunen esanetan, «intsumisio ekimen bat burutu dute gaur, zientzietako azterketa euskaraz betez, nahiz eta Hezkuntza Nazionalak erran frantsesez behar dutela egin».

“Baxoa euskaraz” aldarrikapena soinean zeraman gazteak ez zuen harridura ezkutatzen: «Nik iaz brebeta euskaraz egin nuen, eta aurten, zientzia ikasgaia azterketan sartu eta hori euskaraz egitea debekatzea ez da ulergarria». Hala ere, «nahi baino polikiago bada ere, hizkuntz eskubideak bermatuak izatea» lortuko dutela uste du.

Kolegioko gurasoekin kalakan atzeman genuen Jurgi Arrizabalaga, Piarres Larzabal kolegioko lehendakaria. Zangoak atarian eta burua ikastetxe barrenean zituen, bere semeetako bat patioan baitzen, azterketa egiteko prest. «Debate gutxi egon da gure etxean, galdegin genion semeari zein hizkuntzatan egin nahi zuen zientzia arloko proba eta berak euskaraz egin nahi zuela esan zuen berehala», kontatu zion GARAri.

Agur moduan, Aimar Lopez gaztearen gisara, mezu baikorra bota zuen: «Gehiengoak urratsa egiten badu, lortuko dugu aldarrikapen hau zein beste guztiak aintzat hartzea».