Eslovenieraz, euskaraz eta errumanieraz eginiko filmak izango ditu Glocal in Progress jarduerak

Telmo Esnalena ‘Dantza’, Miha Mazziniren ‘Izbrisana / Erased’ eta Hadrian Marcuren ‘Un om la locul lui / A Decent Man’ (Errumania) izan dira Glocal in Progress, –Donostia Zinemaldiko industria-jarduera berria– sailaren lehen ediziorako hautatutako filmak.

NAIZ|DONOSTIA|2017/08/10 13:41
Telmo-esnal-dantza
Telmo Esnalen ‘Dantza’ film luzearen fotograma bat.

Aukeratutako hiru film luzeak postprodukzio-fasean daude, eta, beste profesional batzuen artean, ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkio Zinemaldian, horiek amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten.

‘Dantza’ filmarekin, Telmo Esnal euskal zuzendariak bosgarren aldiz parte hartuko du Donostia Zinemaldian, aurrez obra hauek aurkeztu ondoren: 2005ean ‘Aupa Etxebeste!’, Asier Altunarekin batera idatzia eta zuzendua, Zuzendari Berriak sailean; 2009an ‘Amona putz!’ film laburra, Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama sailean; 2011n ‘Urte berri on, amona!’, Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean; eta, azkenik, Kalebegiak talde-filmeko ‘Septiembre’ film laburra, Asier Altunarekin batera zuzendua, Belodromoan aurkeztu zen 64. edizioan.

Miha Mazzini esloveniarrak eta Hadrian Marcu errumaniarrak beraien lehen filmak aurkeztuko dituzte Glocal in Progressen: ‘Izbrisana/Erased’ Eslovenia, Kroazia eta Serbiaren arteko koprodukzioa eta ‘Un om la locul lui/A Decent Man’ Errumaniako produkzioa, hurrenez hurren.

Hizkuntza ez-hegemonikoak

Industriaren jarduera honen helburua da hizkuntza ez-hegemonikoetan dauden Europako produkzioei ikusgaitasun handiagoa ematea (hau da, alemanez, espainieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz edo errusieraz filmatu ez diren filmei). 2016an soilik, Zinemaldiko hainbat sailetan parte hartu zuten osorik edo hein batean hizkuntza horietan zeuden 21 filmek; ‘Jätten/The Giant’-ek (suediera) Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen, eta ‘Park’-ek (greziera), aldiz, Kutxabank-Zuzendari Berriak saria.

Glocal in Progressek Lakuaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Glocal Cinema sorturik, 2014an abiarazitako lana osatzen du; hain zuzen, hizkuntza ez-hegemonikoetan ekoizten duten zinematografien arteko sareak sustatzea du xede ekimen horrek.