NAIZ
HELSINKI

Bi hildako eta zortzi zauritu izan dira Turkun, atxilotu duten pertsona batek sastakatuta

Gizon batek hainbat pertsona sastakatu egin ditu Finlandia hegoaldean kokatuta dagoen Turku hirian. Polizia iturriak aipatzen dituzten AFP eta Efe agentziek berri eman dutenez, erasoaren ondorioz bi pertsona hil egin dira eta beste zortzik zauriak dituzte. Ustezko egileari tiro egin dio Poliziak eta atxilotu egin dute. Finlandiako Polizia «eraso terrorista» baten moduan ari da ikertzen gertatutakoa.

Larrialdi zerbitzuak, erasoa jazo den tokian, Turkuko erdigunean. (Roni LEHTI/AFP)
Larrialdi zerbitzuak, erasoa jazo den tokian, Turkuko erdigunean. (Roni LEHTI/AFP)

Turkuko Poliziak sare sozialen bitartez jakinarazi duenez, hainbat pertsona sastakatu dituzte hiriko erdigunean. Eraso honen ondorioz bi pertsona hil egin dira eta beste zortzi zaurituta daude, Poliziaren eta ospitaletako iturriak aipatzen dituzten AFP eta Efe berri agentzien arabera.

Ustezko erasotzaileari tiro egin eta atxilotu egin dutela azaldu dute Poliziek, eta balizko laguntzaileen bila ere ari dira. Era berean, herritarrei inguru horretatik ez pasatzeko deia egin diete.

«Eraso terrorista»

Finlandiako Polizia iturriek aditzera eman dutenaren arabera, eraso «terrorista» izan liteke Turku hirian bi hildako eta zortzi zauritu utzi dituen ekintza. Gainera, ustezko erasotzailea identifikatzea ere lortu dute: 18 urteko gazte marokoar bat litzateke.

Erasoaren ustezko autoreaz gain, beste lau pertsona atxilotu dituzte atentatuarekin zerikusia izan dezaketelakoan.

Hasiera batean, behin-behineko neurri bezala, baztertu egin zuen Finlandiako Poliziak eraso «terroristaren» aukera, nahiz eta alerta maila igotzea agindu zuten herrialdeko hegoaldeko tren geltoki eta Helsinkiko aireportuan.