Aldebakarreko burujabetza prozesu baten aldeko adierazpena aurkeztu dute ELAk eta LABek

ELAk eta LABek aldebakarreko burujabetza prozesu baten aldeko adierazpena kaleratu dute, Euskal Herrian eredu ekonomiko eta soziala aldatzea «premiazkoa» dela iritzita. Egoeraren diagnostikoa egin eta beren proposamenak mahai gainean jarri dituzte.

NAIZ|BILBO|2017/09/04 12:48|19 iruzkin
Ela-lab
Igor Arroyo, Amaia Muñoa, Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu. (ARGAZKI PRESS)

ELA eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Garbiñe Aranburuk, aurkeztu dute burujabetza prozesua bultzatzeko bi sindikatuek egin duten hausnarketa eta beren proposamenak eta konpromisoak jasotzen dituen dokumentua. Euskal Herri osoan eredu ekonomikoa eta soziala aldatzea «premiazkoa» dela aldarrikatu dute eta bide hori «aldebakarrekoa» izango dela nabarmendu dute. Ildo horretan, Kataluniako prozesuari babesa adierazi diote eta Gobernu espainolaren jarrera salatu eta Lakuako Gobernuaren «elkartasun keinu falta eta distantzia hartu nahia» gaitzetsi dute.

Bi sindikatuon diagnostikoaren arabera, bizitzaren prekarizazioak «ez du etenik, langileontzat ez dago errekuperazio ekonomikorik» eta desoreka sozialak handitzen ari dira. Hori aldatzeko «ezinbestean» lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraiki behar da. «Geure aldarrikapenak eraginkorrago bihurtzeko eta bizi eta lan baldintzak hobetu ahal izateko beharrezkoa dugu erabakiak gure herrian hartzea», nabarmendu dute.

«Herri bat garela aitortu behar da, euskal herritarrok dugun erabakitzeko eskubidea aitortu behar da. Enplegu eta babes sozialeko gaietan ahalmen legegile osoa behar dugu, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraiki nahi dugulako. Euskal herritar guztiek bizitza duina izan dezaten nahi dugulako», nabarmendu dute.

Helburu horrekin, burujabetza prozesua abiatzeko konpromisoa hartu dute ELAk eta LABek eta bide hori jorratzeko prest dauden «ezkerreko eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko aliantzak» bultzatuko dituzte.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK