Eneko Goia alkatea buru, Udalbatzak ekitaldia egin du frankismoaren biktimak oroitzen dituen ‘Dual’ eskulturaren aurrean. Gaurko egunez, gainera, 81 urte dira faxistek Donostia hartu zutela.
Udalean ordezkatuta dauden talde politikoez gain, Lakuako, Gasteizko Legebiltzarreko, Gipuzkoako Aldundiko eta Batzar Nagusietako ordezkariek ere hartu dute parte Ijentea kalean dagoen eskulturan egindako omenaldian.
Elkarte memorialistek eta franismoaren biktimen senitarteak ere omenaldian izan dira.
«Oroimena eta egia ezagutzeko eskubidea» aldarrikatu ditu Goiak.
Memoria bizirik mantentzea
«Guri dagokigu gure aurretik justizian, bakean, elkartasunean eta asktasunean sinistu zutenen memoria bizirik mantentzea. Beraiei eta beraien oinordekoei zor diegulako, baina baita hurrengo belaunaldiei ere. Ezagutu dezatela gure aurrekoek zenbat sufritu zuten eta zenbat sufritu daitekeen historia errepikatzeko bezain itsuak bagara», adierazi du Donostiako alkateak.
Udalak antolatutako ekimenen baitan, goizeko ekitaldiaz gain, 19.30ean ‘Ilunpetik argitara’ antzezlana eskainiko dute Donostiako Udalbatzan. Besteak beste, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola eta Cristina Uriarte sailburuen presentzia aurreikusita dago.