Eskuak eta hankak lotuak zituen emakume bat hilik topatu dute Uztaritzen

Eskuak eta hankak lotuak zituen emakume bat hilik topatu du bere bikotekideak Uztaritzen. Bikotekideak gorpua topatu zuen asteazken arratsean eta abisua eman zuen. Emakumea haurdun zegoen. Hipotesi guztiak zabalik daudela adierazi du Baionako fiskalak.

NAIZ|UZTARITZE|2017/09/14 12:36
Uztaritze
Uztaritzeko Sainte-Barbe bidea itxi du Poliziak gaur goizean. (Aurore LUCAS)

Bikotekideak topatu zuen emakumea, ohean hilda. Zortzi hilabeteko haurdun zegoen.

Abisua asteazkenean eman zuten Uztaritzeko Sainte-Barbe auzotik, gaueko 22.00ak aldera. Haurdun zegoen emakume gazte bat hilda topatu zuen bere bikotekideak etxeko ohean. Berak deitu zion Poliziari.

Emakumea biluzik zegoen eta eskuak eta hankak lotuak zituen. Honekin batera, aurpegian kolpeen zantzuak zituen eta ahoa estalita. Begietan benda bat ere bazuen. 

Biktimak hogeita hiru zituen eta zortzi hilabeteko haurdun zegoen. Beziers hirikoa zen jatorriz eta erizain ikasketak egiten ari zen Bordelen.

Ikerketa Paueko Jendarmeriaren Section de Recherches (SR) delakoaren eskuetan da. Baionako Jendarmeriako Zaintza eta Interbentzio Pelotoia (PSIG) sostengua ematen ari da operazioan, batez ere inguruak zaintzeko.

Gaur goizean, Uztaritzeko Sainte-Barbe bidean dagoen etxea zaintzapean jarri du Poliziak eta bertara iristeko bi bideak (lorategiaren atzealdean eta aurrealdean) segurtasun-lokarri horiz inguratu ditu.

Asteazken gauean, gorpua topatu eta gero, bikotekidea ospitalera eraman behar izan zuten, shock egoeran, eta larrialdi zerbitzuen zaintzapean gelditu zen. 

Samuel Vuelta Simon Baionako fiskalak agerraldia egin du gaur arratsaldean eta hipotesirik ez dutela baztertzen adierazi du. Gorpuari autopsia egingo diote Bordelen.