NAIZ
ZALLA

CEL-en bideragarritasuna defendatuz milaka lagun atera dira kalera Enkarterrietan

Eskualdea pairatzen ari den desindustrializazioa salatu eta Grupo CEL enpresaren bideragarritasuna defendatuz milaka lagun atera dira kalera Enkarterrietan. Ordezkaritza politiko anitza izan du Zallan abiatu eta Gueñesen amaitu den manifestazioak.

Jendetza batu da Grupo CEL-en aldeko manifestazioan. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Jendetza batu da Grupo CEL-en aldeko manifestazioan. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Mobilizazioak jatorri anitzeko 140 elkarteren babesa jaso du -kirol edota kultur elkarteak, alderdi politikoak, mugimendu sozialak...-, eta 11.00etan abiatu da Zallako udaletxetik. «En defensa del empleo Grupo CEL, solucion - Enkarterrin industriarik gabe, etorkizunik ez» leloa zeraman pankartak gidatu du manifestazioa, Gueñesko udaletxe parean amaitu dena.

Manifestazioan zehar, besteak beste, soluzioen aldeko oihuak entzun dira, baita Bizkaiko Diputazioaren zein Lakuako Gobernuaren inplikazioa eskatzen zutenak ere. Manifestarien artean EAJko (Itsaso Atutxa), EH Bilduko (Jasone Agirre) eta Ahal Duguko (Lander Martinez) ordezkariak ikusi ahal izan dira.

Amaieran, ohar bat irakurri dute langileek. Bertan, enpresaren bideragarritasuna defendatu dute, eta bere honek bere jarduerarekin jarraitzeko behar duen aterabidea aurkitzea eskatu dute. Jasotako babesa ere adierazi dute, eta aurreratu dute aurrean daukaten borroka «gogorra» izango dela.

«Garbi ikusten da Enkarterrietako industrian ez dagoela inbertsiorik. Ez dago industriaren aldeko apusturik; enpresen itxiera masiboak ikusi ditugu. Ikaragarrizko desindustrializazioa bizi izan dugu azken hamarkada honetan», adierazi dute langileek.

Gogora ekarri dutenez, Grupo CEL da eskualdean lanpostu gehien sortzen dituen enpresa, eta ohartarazi dute honen etorkizuna argitu ezean 300 familia gelditu daitezkeela kalean. «Enpresa txikiek ere nabarituko lukete enpresaren itxiera», gaineratu dute. Iragan uztailetik hartzekodunen konkurtsoan daudela azpimarratuta, CEL-ek irekita jarraitu dezan borrokan jarraituko dutela adierazi dute, «Enkarterrientzat ezinbestekoa delako».