NAIZ
LUHUSO

Abenduaren 9an Paris «herritar uholde» bilakatu nahi dute bake artisauek

Ez da egun bateko mobilizazioa, ezta beste mobilizazio bat gehiago ere. Frantziar Gobernuak espetxe politika aldatu dezan «dinamika orokor baten zutabe ezin garrantzitsuagoa da». Parisen datorren abenduaren 9an egingo den manifestazioaz aritzeko bake artisauek erabilitako hitzak dira. Datozen egunetan hasiko dira lanean hiriburu frantsesta «herritar uholde» bat izan dadin.

Bakegileak, goizeko bilera errondaren osteko agerraldian. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)
Bakegileak, goizeko bilera errondaren osteko agerraldian. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)

80 pertsona baino gehiago elkartu dira larunbat goiz honetan Luhuson «presoen afera konponbidearen errailean sartzeko» datorren abenduaren 9an Parisen eginen den mobilizazioa prestatzeko bake artisauek antolatu duten biltzar nagusian. Tartean izan dira, besteak beste, Sylviane Alaux, Emilie Dutoya, Alice Leiciagueçahar eta Xabi Larralde.

Goizean egin dituzten bilkuren ostean prentsaurrekoa eman dute. Bertan adierazi dute Parisko mobilizazioa 12.00etan hasi da eta 15.00ak arte luzatuko dela. Hiriburura joateko autobusak antolatuko dituzte, baita 2.000 lagunentzako tren bat ere.

Besteak beste, Euskal Elkargoak –Lucien Betbeder eta Marie Christine Bessonartek mozio bat irakurri dute– eta Auzapezen Biltzarrak egin dute Estatu frantseseko hiriburuan garatuko den mobilizaziora joateko deia. Parisekoa «herritar uholde bat» izatea nahiko lukete bake artisauek eta datozen egunetan ekingo diote garraioa antolatzeari.

Abenduaren 9ko manifestazioa «hemen eta orain» martxan jartzen dela esanez Euskal Herri osoko jendeari honen antolaketan inplikatzeko deia luzatu diete. Martxa «alaia eta herritarra» nahi dute antolatu, «euskal jendartearen nahia paristarren aurrean era erakargarrian azaltzeko».

Euskal Herriko zein Estatu frantseseko artistak izanen dira manifestazioarekin batera joango den kamioiaren gainean, ekimena girotzen. Hori horrela, euskal kultur eragileei ekimen hori indartzeko gonbida zabaldu diete.

Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak eta Txetx Etxeberri bakegileak adierazi dute Parisko mobilizazioa ez dela egun bateko mobilizazioa, «ez eta beste ekimen bat ere. Frantziar Gobernuak espetxe politika alda dezan dinamika orokor baten zutabe ezin garrantzitsuagoa da». Era berean, eta aditzera eman dutenez, presondegietako martxa Parisko espetxeetan amaituko da, mobilizazio egunarekin bat eginez.