Sakonean
Bertso eskolak

«Entrenatzeak ez dik balio, sehaskatik ez badator». Euskal Herrian bertsolari maiterik izan bada Lazkao Txiki izan da, baina igarle moduan ez zuen bizimodurik aterako, ez horixe. Berak pentsatzen zuenaren kontra, gaur egungo bertsolaritzaren izarrak bertso-eskolan ikasitakoak dira. Euskal Herri osoan barreiatuta daude eskola hauek eta bertan ume, gazte eta heldu aritzen dira Xabier Amurizak «hitzaren kirol nazionala» definitu zuenean trebatzen.

Gotzon ARANBURU|LASARTE-ORIA|2017/11/14 09:40
Azkoiti-bertso-eskola
Azkoitiko bertso eskola. (Gotzon ARANBURU)

Berezkoaren eta ikasitakoaren arteko eztabaida luzea bezain antzua izan da da bertsolaritzan. Jakina, inork ez du zalantzan jartzen berezko grazia, etorria eta buru-argitasuna izatea abantaila handia dela, horiek gabe nekez iritsiko dela inor bertsolaritzan ibilbide oparoa egitera, baina bertsotan egiten ikasi egin daitekeela, hori ere ez du dagoeneko inor ukatuko. Jokoan dagoen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren ari diren gehienak, denak ez esatearren, bertso-eskolatik pasatakoak dira.

Bertsozale Elkarteko Esti Alberdi, Eneritz Artetxe eta Mikel Artolarekin bildu gara, bertso eskolei buruz luze eta zabal berba egiteko. Eta beste ezertan sartu aurretik, horixe galdetu diegu, bertsolaria jaio egiten den edo egin egiten den. «Bertsolaria jaio egiten da, baina ez bertsolari. Alegia, denak bezala jaio egin behar da lehendabizi, baina ikasi gero. Inor ez da ikasita jaiotzen. Edozeinek ikasi dezake bertsotan euskaraz badaki. Beste kontu bat da denok ez dugula maila bera izango», izan da erantzuna. 

Garai bateko bertsolariek nola ikasten ote zuten bertsotan? Askok irakurtzen ez zekitela kontuan hartuta, memoriak eta entzuteak garrantzi berezia zuen. Orain hasiak daude bertso-eskolak proba batzuk egiten papera erabili gabe.

Bertsozale Elkarteko transmisio eragileak dira Esti, Eneritz eta Mikel. Hirurak ere gazteak, dagoeneko bertso munduan eskarmentu handia badute ere. Oso gertutik bizi dute, jakina, 2017ko azken hilabeteotan jokatzen ari den Euskal Herriko Txapelketa Nagusia, eta pozik ikusten dituzte bai bertsolarien maila eta bai bertsozaleen erantzuna. Dagoeneko milaka lagun izan dira entzule, final laurdenetan, eta hemendik aurrerako finalerdietan eta finalean ere giroa izugarria izango da. Baina emaitza hauek ez dira milagroz gertatu, baizik eta duela hamarkada batzuk hainbat gizon-emakumek egindako lanari esker. 

Egitura oso bat sortu da bertsolaritzaren inguruan: bertso eskolak, Bertsozale Elkartea, Eskola arteko Bertsolari txapelketa… horiek denak elikatzen eta indartzen dute bertsolaritza. Asko aldatu dela? Jakina, baina eskolak sortu aurretik ere bai, etengabe joan da aldatzen bertsolaritza historian zehar. Bertso eskoletako sortzaile izandako Joanito Dorronsoro ataundarrak ‘Argia’ aldizkarian esan bezala, «gaur egungo bertsolariak ikasiak dira, eta bertsolaritzaren baitan askotariko esparruak asko landu dituzte. Lehengo bertsolariek tradiziotik zetozen doinuak erabiltzen zituzten, eta gaur egungoek, berriz, doinutegi zabala dute aukeran, eta berriak ere sortzen dituzte. Teknikan ere aldaketa bera gertatu da, eta euren hausnarketari esker eraldatu da bertsolaritza. Nik uste literaturaren eragina gero eta handiagoa dela bertsolaritzan».

Errealitate bat baino gehiago

Bertso eskola izenaren barruan errealitate bat baino gehiago daudela esan daiteke. Alegia, ez dago bertso eskola mota bakarra. 

Batetik, bertsolaritzaren transmisioan, sustapenean eta abar lan egiten duten taldeak daude, eta hauei ere bertso eskola deitzen zaie. Hauek Bertsozale Elkarteak egiten duen lanaren antzekoa egiten dute, baina maila lokalagoan: izan liteke herri batean edo eskualde batean. Batzuk erregistratutako elkarteak dira, beste batzuk berriz, ez. Dena dela, talde hauek ezinbesteko lana egiten dute bertsolaritzaren biziraupenerako. Lehendik ere badira bertso eskola oso ondo antolatuak, esate baterako ALBE, Algortako bertso eskola. «Azken aldian, Gipuzkoan, eskualde mailako egiturak bultzatzeko ahalegina ere egiten hasiak gaude, herriro gisa honetako talde bat edukitzea oso zaila baita. Eskualde mailako egitura hauek liberatu bat izateko probak egiten ere hasiak daude: Tolosaldean eta Urolan esate baterako», dio Mikel Artolak.

Bestetik, bertso eskola izenak izana hobeto erakusten duen errealitate bat dago, Alegia, bertsotako klaseekin zerikusi handiagoa duena. Hemen hitza jolas eta gozamen bihurtzen da, eta nahi duenak bertsotan egiten ikasteko aukera izaten du. Batzuk irakasle eta guzti, eta beste batzuk elkarrekin kantatzeko elkartzen dira. Badira ume, gazte nahiz helduen bertso eskolak; hasiberriak eta bat batean aritzen direnak. Denetik dagoela esan daiteke. Beraz, bertso eskola litzateke bertsotan ikasi, praktikatu, gozatu, zaletzen… den eskola. Bertso eskola hauek gorago aipatutako talde horiek sortuak izan daitezke, edo bestela Bertsozale Elkarteak bultzatuta ateratakoak. Bietatik dago.

1974 urtean egin zen lehenengo bertso eskola sortzeko bilera. Aretxabaletan Patxi Goikoleak, Xanti Iparragirrek eta Joanito Akixuk –hirurak ere kooperatibetako langileak– martxan jarritako bertso eskolara 125 ume hurbildu ziren. Eskola honetakoak dira, beste batzuen artean, Sarasua anaiak eta Arantzazu Loidi. Garai berean Joanito Dorronsorok Zumaian sortu zuen beste bertso eskola bat. Hasiera hartan, Xabier Amurizaren laguntza eta ekarpenak oso baliagarriak gertatu ziren.

120 herritan bertso eskolak, 1.500 ikasle

Gaur egun zazpi herrialdeetan daude bertso eskolak, guztira 120 herritan. Horietan 1.500 ikasle inguru elkartzen dira, haur eta heldu, 130 bat irakaslerekin batera. 

Tokiaren arabera baino gehiago aldatzen da bertso eskola tradizioaren eta ohituren arabera. Jakina, soziolinguistikoki ere aldatzen da egoera, eta horrek ere eragingo du. Dena dela, norberak ikasle zela hartutako ohiturak asko esan nahi du irakasle denean egiten duena ulertzeko, ikasitako hartatik abiatzen baita irakaslea, eta gero bere modu propioa bilatzen du. Gainontzean, ezaugarri antzekoak izaten dituzte bertso eskolek: askotan belaunaldi desberdineko jendea biltzen da elkarrekin, kulturarekiko sentsibilitatea duen jendea izaten da, sormena landu nahi duena, hizkuntzarekiko kontzientzia duena …

«Irakasleak lehenago ikasle izanak dira asko eta asko. Herrialde batzuetan Bertsozale Elkartean hezkuntza arautuan ere irakasle direnak izaten dira gehienak. Batzuk plazaz plaza bertsotan dabiltzanak eta beste batzuk lagun artean aritzen direnak. Baina, badira bertsotan jendaurrean aritzen ez direnak ere, irakasle izateko ez baitago bertsolari izan beharrik. Gipuzkoan errealitatea zertxobait desberdina da, irakasle gehienek talde bat edo bi izaten dituzte soilik, eta mordo bat daude gainera» diosku Eneritz Artetxek.

Eneritz bera irakasle da, Azkoitia, Azpeitia eta Errezil hartzen dituen Erniarraitz Bertsozale Elkartean. Egia esan, irakasle baino bertsokide esatea egokiagoa litzateke, hemen denek denetik egiten baitute: gaiak jarri, puntua eman, kantatu, bakoitzari unean unean tokatzen zaiona. Profilari dagokionez, anitza da: badaude irakasleak, erizainak, esku langileak… baina guztiek bat egiten dute bertsoari dioten maitasunean. Nabaria da praktika handia dutela, gaia jarri eta berehala botatzen baitute bertso egoki askoa. 

Umeei dagokionez, gurasoentzat saiotxoak antolatzen dira leku batzuetan, eta entzule papera jokatzen dute gehienetan. Jakina, eskatzen zaienean mota guztietako laguntza emateko prest izaten dira. Horretaz gain, meriendak edo bertso saioak antolatzeko garaian laguntzaile gehiago izaten dira irakasleaz gain. Bertso eskolako kide helduak izaten dira normalean.

Metodologia

Normalean, astean behin ordubeteko klaseak izaten dira. Umeen kasuan irakasle bat izaten da eta gela barruko ariketak egiten dituzte gehienetan. Ikasle asko hezkuntza arautuan oinarrizko ezagutza eskuratuta dator, eta bat-batean hasteko ez dute denbora asko behar izaten. «Metodoari dagokionez, aberastasuna eta hutsunea, biak dauzkagu aldi berean: aberastasuna bertso eskola bakoitzak askatasun osoa duelako nahi duen erara aritzeko, eta horrek irakasleen sormena bultzatzen duelako. Aldi berean, ordea, bertsolaritzaren ikas prozesua zehatzago aztertu eta irakasleentzat formazioa egokia sortzeko beharra ere badago» esan digu Esti Alberdik.

Metodoa Xabier Amurizak asmatu zuela esan daiteke lehenik, honek ‘Zu ere bertsolari’ liburua atera zuenean. Horretaz gain, Bertsozale Elkartetik materiala sortzeko lantaldeak ere badaude, eta uneoro berritzen joateko asmoa dago atzean. Nagusiki lehenik idatziz eta ondoren bat-batean proba egiteko pausoak ematen dira. Azken aldian, ordea, ugaritzen ari dira papera gutxiago erabili eta hasieratik ahoz lantzeko hautua egin behar dela diotenak ere.

Lasarteko Landaberri ikastolan Ane Labaka topatu dugu, bertako neska mutil talde bati bertsotan erakusten. Hitz bat proposatzen die –gaur «bihotza» izan da– eta umeek errima berdina duten hitzak aurkitu behar dituzte, hirunakako taldetan. Berehala osatu dute zerrenda polita. Ondoren «Kuba» hitzarekin beste hainbeste egin dute, eta bertsoak moldatu eta kantatu ere egin dituzte. Jolas giroa da nagusi hemen, bai horixe. Anek plazaz plaza bertsotan ibiltzea gustukoa du, baina baita irakastea ere. Berak dioen bezala, bertsolaritzak etorkizun oparoa izateko denetarik behar du, ez bakarrik bertsolariak, baizik eta gai-jartzaileak, epaileak, antolatzaileak… eta ikusleak. Eta bertso eskolatik pasatakoek multzo horietakoren batean enkajatuko dute, bai.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK