Ohar baten bitartez, Nafarroako industriari eta zehazki Gamesa enpresari iristen diren «albiste txarrak» direla-eta kezka adierazi du koalizio subiranistak. Siemens Gamesak atzo iragarri zuen 107 behargin kaleratzeko asmoa duela Sarriguren (92), Aratzuri (11), Agustinos (4) eta Zamudioko lantegietan (48).
Nafarroako EH Bilduk ekimen parlamentarioa jarri du martxan, enpresak jaso dituen dirulaguntzak zeintzuk izan diren jakiteko.
«Kezkatzen gaitu hainbatetan errepikatu delako lanpostuak sortu eta Nafarroan enpresa egonkortzeko asmoarekin emandako dirulaguntzak jaso ostean kaleratzeak iragarri izana», azpimarratu du Arantxa Izurdiaga koalizioko parlamentariak.
«Aurretik ere esan dugu, ematen diren subentzioetan beharrezkoak dira enplegua eta lurraldearekin egonkortasun konpromezu klausulak ezartzea edo bestela, langile kaleratzeak eginez gero, emandako diru publikoa itzultzea exijitzea. Ezin dugu onartu urteetan diru publikoarekin lagundutako enpresek egun batetik bestera langileak abandonatzea inolako konpromisorik gabe», gaineratu du Izurdiagak.
Langileei elkartasuna eta koalizioaren kezka adierazi ondoren, «lasaitasun mezuak» eman ondoren kaleratzeak iragarri dituen enpresaren zuzendaritzaren jarrrera gaitzetsi du.