Gaur zabaldu ditu ateak Durangoko Azokak, euskal kulturaren meka deritzanak. Bost egunez luzatuko da aurtengoa, eta ohiko jende oldea errepikatzea espero da. Ahotsenearen hamargarren urteurrenak garrantzia berezia izango du, baina askotarikoak izango dira, urtero bezala, Azokak utziko dituen istorioak, kontakizunak, solasaldiak, eztabaidak.
Horiek guztiak bere orrialdeetan txertatuko ditu GARAk gaurtik aurrera, egunez eguneko jarraipena eginez. Eguneko kronikak eta Gogoetaren Plazan jazotzen diren hausnarketak izango dira datozen egunetako orrialdeetako zutabeetako bi.
Baina hirugarren ekarpen bat ere egingo du Kultura sailak. ‘Sormen Lurraldea" du aurten lelo nagusi Durangoko Azokak, eta leloa bere eginda, GARAk sormenera hurreraketa egingo du diziplina artistiko desberdinetan lanean ari diren sortzaileekin.
‘Sormen ezkutukoak’ artikulu sortak artistaren alderik intimoena, alde erantzia erakusteko asmoa izango du. Nola sentitzen da sortzaile bat zerbait sortzen ari denean? Nola eragiten dio? Eragin fisikorik badu? Ze ohitura ditu aritsta batek sortzen ari denean?
Galdera sorta zabalari erantzun eman diote Izaro Andres musikari mallabiarrak, Harkaitz Cano idazleak, Maite Mutuberria ilustratzaileak eta Ander Lipus antzezleak. Ekarpena idatziz ez ezik, irudiz ere egin dute sortzaileok.
Izaro Andresek zabalduko du ostegunean sormenaren munduari beste ikuspegi batetik begiratzen dion leihoa.