Naiz+ Naiz+

Abdullah Alkiem, Euskal Herrira

Abdullah Alkiem 26 urteko siriarra da. Erizaina zen bere herrian, baina, gerratik ihesi, urtebete darama Souda errefuxiatuen kanpalekuan, ez aurrera eta ez atzera. Bere bizitzako urte bat galdu du, bere etorkizuna argituko duen asilo erantzunik jaso gabe. Aldi berean, ostera, hamabi hilabete eskaini dizkie Kios uhartera hurbildutako nazioarteko erakundeei kanpalekuko bizilagunen bizitza duintzeko ahaleginean.

Euskal herritar ugari ezagutu ditu Kiosen, –izan ere, Zaporeak Proiektuarentzako itzultzaile lanetan aritu izan da–, eta orain, boluntario horietako batzuk hari eskaini nahi diote elkartasuna martxan ipini duten asilo eskaera honekin. Abdullah Alkiem Euskal Herrira etortzea nahi dute, «berarekin batera lan egin duten boluntario asko bizi diren eta etorkizun oparago bat eraikitzen lagundu diezaioketen lagunen herrira», hain zuzen ere.

Change.org-en abiatutako sinadura bilketarekin Gobernu espainola presionatu nahi dute, «egoera honetan esku hartu, prozesua bizkortu eta asiloa eskaini diezaion». Eskaera sinatzeko, egin klik HEMEN.