Naiz+ Naiz+

Errekaleor eta Gasteizko Udala, parez pare

Errekaleor auzo okupatuko bizilagunak Gasteizko Udalbatzan izan ziren ostiralean. Karla Berrojalbiz hartu zuen hitza haien guztien izenean eta gogor zuzendu zitzaion Gorka Urtaran buru duen Udal Gobernuari.

Hala Bedik eman du, bere Facebook perfilean, Berrojalbizen hitzartzearen berri eta azken 18 ordutan 56.000 aldiz izan da ikusia eta ia 1.100 aldiz, elkarbanatua.

Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko gune autogestionaturik handiena da Errekaleor. Gasteiz kanpoaldean kokatua, egun ia 150 pertsonen habia da. Komunitate indartsua da oso Errekaleorrekoa, hainbat lantalde eta asanblada orokor bidez kudeatzen dute-eta egunerokoa. Haur gela, baratza, okindegia, zine aretoa, inprimategia eta liburutegia jarri dituzte martxan, besteak beste.

Lakuaren Industria sailaren aginduei jarraiki, Ertzaintzak eta Iberdrolak auzoa argindarrik gabe utzi zuten pasa den maiatzaren 18an. Hiru orduko erresistentzia baketsuaren ondoren moztu zuten argindarra Iberdrolako teknikariek.

Argi mozketari aurre egiteko, energia berriztagarrien bidez elikatzeko lehen pausoa eman dute, auzoan eguzki energia jasotzen duten bi plaka ipiniz.

Larunbatean, manifestazioa

Argi indarra moztu zutenetik, mobilizazio andana egin dituzte Errekaleorren eta inguruetan, tartean auzoko jaien ospakizuna ere. Ekainaren 3rako, baina manifestazioa deitu du Errekaleor Bizirikek. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, 17.30ean eta «Guk Argi Daukagu, Herria Bizirik!» lelopean.