0 iruzkin

Fan Hemendik egunari aurre egiteko Guardia Zibilak laguntza eskatu zuenekoa

Larunbatean, Fan Hemendik eguna izan zen Oñatin. Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egiteko aldarrikapenak bultzatuta, egun osoko festa egin zuten. Kontzertuak eta herri bazkaria izan ziren eta eguna «Fan Hemendik, utzi bakean Euskal Herria» leloa zuen manifestazio jendetsu batekin amaitu zuten. Ekitaldi nagusian, berriz, antzerki batekin Guardia Zibilaren armagabetzea irudikatu nahi izan zuten.

Bideoan ikusi daitekeen moduan, Oñatin jai giroa nagusi izan bazen ere, egunak arreta berezia eragin zuen Ebrotik behera, sare sozialetan ekimena bera desitxuratuz eta kriminalizatuz.

Oñatiko Guardia Zibilak eurak izan ziren sareak erabiltzen lehenak.

Babesa eskatzen zuten bertan, #YoSoyGuardiaCivilDeOñate eta #NoNosVamosAir traolak trending topic bihurtzea galdegiten zuten bitartean.

Guardia Zibilaren ondotik, Jose Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroa zetorren, Oñatin eta Altsasun Guardia Zibila «beharrezkoa» dela esanez.

Guardia Zibilak idatzitako txioak oihartzuna izan zuen, 6.000 bider izan baitzen partekatua eta mezu dezente bildu zituen. Kartelak ere egin dituzte okasiorako.

Dirudienez, Fan Hemendik egunak oraindik ere zeresana emango du, izan ere, Guardia Zibilaren Twitter kontuak  #YoSoyGuardiaCivilDeOñate traolarekin jarraitzen zuen atzo iluntzean.

Urtero errepikatzen den hitzordu honek ere komunikabide espainolen arreta berezia eragin du eta hamaika titular esanguratsurekin argitu zuen igandeak. Tartean ‘La Gaceta’ egunkariaren ‘Los batasunos acosan y se burlan de la Guardia Civil ante la inacción del Gobierno’; ‘El Mundo’ agerkariko ‘Los 'payasos' de Oñate’ edo ABC-ren ‘«Fuera, perros»: así son las campañas de la izquierda radical contra la Guardia Civil de Oñate’.

Kriminalizazioaren aurrean, sare sozialetako erabiltzaile batzuk Oñatin benetan zer gertatu zen zabaltzen saiatu ziren, hauek ere umorea lagun.

Urtero errepikatzen den Fan Hemendik eguna aurtengoan izaera bereziarekin zetorren, ETAren armagabetzearen urtea izanik «Guardia Zibilaren txanda» iritsiko zela iragarri baitzuten.

azken iruzkinak
azken post-ak