Naiz+ Naiz+

Inauteriei deia, aratuste goiztiarrenen eskutik

Ituren, Aurtitz eta Zubietatik joare soinuak datozkigu, inauteriak gain-gainean ditugula ohartarazten. Gure bazterrak umorez eta kolorez zipriztintzen dituzte aratusteek eta Euskal Herriko tokirik gehienetan otsailaren erdialdera arte itxaroten badugu ere, nafarrak goiztiarrak dira mozorrotzeko egitekoan. Egunotako Malerrekako Joaldunen joan-etorria gure artean ezagunena bada ere, gure herrian badira ostera, bestelako erritu koloretsu eta ederrak.

Ohiturari estu jarraituz, ilbeltzaren azken igandean karrozetara igo eta desfilea egin zuten Sunbillako herritarrek. Urtetik urtera geroz eta ikusle gehiago ditu desfile honek. Jendetzaren erdian zegoen Esteban Román eta berak atera eta eskaini dizkigun argazkiei esker, gu ere izan gaitezke Sunbillako aratusteen testigu.

Ulibeltzak elkarteak banatutako opilak, gaztainak, hezur salda, tortilla eta ardoaz gozatzen zuten bitartean, ederto pasa zuten ikusleek.

Umeen arten bogan dagoen Poppy trolak ez zuen kalerik egin...

Ezta tamalez denon ahotan den Donald Tump bera ere.

Trumpen jomugan diren mexikarrak ere Sunbillan izan ziren, eta dantzan eta kantuan erantzun zioten eraiki nahi duten murruari.

Leitzara ere ihoteak arin iristen dira, urtarrilaren 21etik 24ra lehertu baitzen atsaure eta mozorro festa bertan. Gazteek herriko etxe eta baserrietan barna eskean ibiltzeko ohiturari ez zioten muzin egin.

Inauteri goiztiarrenak baina, Uitzikoak eta Anizekoak dira. Malerrekako herritxo honetan, Eguberrietako besta eta bestondoak pasatu berritan ekiten diote mozorrotzeari, izan ere, erregeetako ondoko asteburuan ospatzen dituzte neguko festa hauek. Aurten Berroetako gazteekin batera egin zuten ospakizuna eta egun batzuen buruan, Berroetara bueltatu zuten bisita. 

Leitza eta Sunbillaren ostean, Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunek hartzen dute lekukoa, joaren erritmoarekin festara lotuz. Atzo Iturenerako bidea egin ondoren, bueltan izango dira gaur. Ikusi atzoko BIDEOA.

Herri baten arima dantzetan, musikan edo ohituretan gotortzen direla esan ohi da, eta hala bada, gure gorputz eta arimaren erakusle finak dira inauteriak. Asko eta askotariko iritziak daude inauterien jatorriaren inguruan. Ugari dira, inauteriak zomorroen kontrako konjurua dela diotenak. Alta, ikerlari guztiak ados dira euskaldunentzat edozer aitzakia aproposa dela eskean ari eta sabela bapo betetzeko. Negu gorria itzaltzearekin batera, joareekin edo zakuekin, kantuan eta dantzan bazterrak zeharkatzen zituzten gure arbasoek, helburu behinena ederto pasa eta sabela betetzea izanik.

Zuberoan, Inauteri giroan, maskaradak ospatzen dira. Lehen agerraldia pasa den urtarrilaren 22an izan zen. Zuberoako Jauna elkarteko kideak dira aurten maskaradak plazaratzen dituztenak, Ezpeize-Ündüreine, Ürrüstoi-Larrabile, Ainharbe, Sarrikota, Onizepea eta Mitikile herrietako gazteak hain zuzen ere. Ikusi Pettardeko maskaradaren ARGAZKI GALERIA.

Inauteriko data nagusiak otsaila amaieran izango dira. Izan ere, otsailaren 23a izanen da parranda luzeari hasiera ematen dion Ostegun Gizena. Tolosarrak egun handiaren zain dira, ordura arte, baina, bada non gozatua, ikusi bestela NAIZ Agendak inauteriei eskaini dien atari berezia. Bertan dira, Arantza, Areso, Ziburu, Mundaka, Markina, Lizarra edota Unanuako hitzorduak, besteak beste.