0 iruzkin

‘Joseba Sarrionandia, Hemen eta Han’

Peru Magdalenak eta Pello Salaberriak sortutako ‘Joseba Sarrionandia, hemen eta han’ dokumentalaren trailerra da honakoa. Urriaren 28an estreinatuko dute idazle iurretarraren lana eta bizitzaren berri eman gura duen dokumentala eta trailerrarekin datorrenaren berri eman dute. Hiru minutuko lantxo honek askoren arreta piztu du eta sare sozial ezberdinetan bolo bolo dabil trailerra.

Dokumentala ez da baina, egunotan Iurretan Sarrionandiari omenaldia egingo dio pieza bakarra, izan ere, gaurtik hasi eta datorren 28an bitarte, idazle iurretarrari aitortza publikoa egin nahian esker oneko jardunaldiak egingo dituzte bere sorterrian.

Durangaldeako herri honetako hainbat elkarte eta eragilek parte hartuko dute Joseba Sarrionandiari esker oneko jardunaldi hauetan. Sarrionandiaren obrarekin jantzi nahi dituzte herriko kaleak, eta horretarako herriko 20 puntu esanguratsutan idazlearen esaldi eta poema zatiak irakurri ahalko dira. Horretarako, euskara, gaztelania, errumaniera, arabiera, ingelesa eta frantsesa erabili dituzte, herriaren izaera kontuan hartuz.

Jardunaldiko egun handia 28an iritsiko da dokumentalaren aurkezpenarekin. Peru Magdalena egileak agerraldian azaldu eta Anboton jaso dutenez, idazlearen biografiaren zenbait garai jasotzen ditu dokumentalak, bere inguruko lagun, kide eta artisten eskutik.  Egun horretan, ‘Josebaren lekuak’ ibilbide literarioa ere egongo da.

Joseba Sarrionandiaren lan bibliografikoaren erakusketa ere jarriko dute liburutegian, eta idazleari  helaraziko zaion liburu batean idazteko aukera emango zaio bertaratzen denari.

/
azken iruzkinak
azken post-ak