Naiz+ Naiz+

Kristen Stewart aktorea eta Picassoren ‘Gernika’

Kristen Stewart aktore eta zuzendari estatubatuarra bogan dago egunotan. ‘Saturday Night Live’ telebista saio entzutetsuan izan zen pasa den larunbatean eta bertan egindako adierazpenek munduari bira eman diote. Txantxa giroan kamera aurrean ipini eta sekulakoak bota zizkion Donald Trump AEBtako presidente berriari. Twilight sagan, –Gazteleraz ‘Crespúsculo’ gisa ezagun egin dena–, Bella Swan pertsonaia antzezteagatik ospetsu bilakatu zen Stewartek homosexuala zela zabaldu zuen bakarrizketa horretan. Dirudienez, lau haizeetara hedatzen zuen lehen aldia zen.

Trumpi botatakoek eta homosexualitatea ikusgarri egiteak zalaparta eragin du sare sozialetan eta bideoak, egun gutxiren buruan, milioika ikustaldi izan ditu Facebook, Twitter edo Whassap moduko sare sozialetan.

Bada beste kontu bat, ordea, gure arreta eragin duena. Izan ere, gure arretaren iturria aktoreak besoan duen tatuajea da. Picassoren ‘Gernika’ margolanaren zatitxo bat du azalean!

Picassoren margolanaren aitzinean egondakoa da Stewart. 18 urte zituela izan zen Madrileko Reina Sofia museoan, eta artelanaren aurrean sentitutakoa beste inoiz sentitu ez duela adierazi izan du eskainitako elkarrizketaren batean. Sentimendu horrek eraman omen zuen obraren zatitxo bat azalean betikotzera.

Stewarten marrazkiak gure arreta erakarri eta tatuajeen munduan arakatzera eraman gaitu eta ikusi dugunez, Picassoren margolanak tatuaje bat baino gehiago inspiratu du.

KAREN SLAFTER/FLICKR www.vix.com

Obra osoa tatuatu dutenak badaude, baita bertan ageri diren zezena, txoria, kinkea, umea duen emakumea edo, Stewarten antzera, begia eta bonbilla margotu dutenak ere.


JUSTIN DION/FLICKR www.vix.com

Gernikako bonbardaketa irudikatzen duen obrak 80 urte beteko ditu aurten. 1981. urtean New Yorketik Madrilera eraman zuten Picassoren margolana eta ordutik, Gernikako Udalak, bertara lekualdatua izatea galdegin du behin eta berriz.

1937ko apirilaren 26ko bonbardaketako biktimen sufrimendua aitortzen du margolanak. Egunotan, justu, Gernikako bonbardaketagatik barkamena eskatzeari uko egin dio senatu espainolak, PPren gehiengoaz baliatuta.