Garazi Goia
GAUR8

1988 eta gaur, isiltasuna

Udalekuetan nengoen 1988ko uztailaren 3an. Telebistarik gabe, irratirik gabe. Gurasoei eta lagunei eskutitzak bidaltzen genizkien garaiak ziren (benetako eskutitzak, boligrafoz idazten ziren horietakoak, gogoratzen zarete?).

Orduan begiraleek bakarrik zeukaten errealitatera “irteteko” eskubidea; alboko herriko festetara joaten ziren asteburuan eta han konektatzen zuten berriro munduan gertatzen ari zenarekin. Beraien artean hizketan ari zirela jakin nuen albistearen berri: USS Vincennes gerraontzi estatubatuarrak Iran Airko Airbus A300 bat lurrera bota zuen; zibilez beteta zihoan, 290 hildako suertatu ziren denera. Iran-Irak gerraren erdian gertatu zen. Iran-Irak gerrari buruz denok genekien, baina urruti nabaritzen genuen, haurrak ginen gure arduren zerrendan erregistratzeko. Udalekuetako patio hartan gelditu zen hegazkinaren istorioa, nik jolasten jarraitu nuen, telebistan egun batzuetan zehar jarraipena egin zioten (ni etxera itzuli nintzenerako ia ez zuten ezer aipatzen), iritzi zutabe batzuetan jendeak idatziko zuen baita ere; baina, zalantzak, frustrazioa azaltzeko aukera eta galderak egiteko bideak mugatuta zeuden. A, eta noski, George Bushek ez zuen barkamenik eskatu.

Imajinatu azken bi asteetan mundutik deskonektatuta egon garela, urrunean, ozeano baten erdian galdutako irla txiki batean, Internet gabe, irratirik gabe, telefonorik gabe, Twitterrik gabe, udalekuetan bezala. Irudikatu gaur itzuli garela errealitatera. Ondorengo egoera aurkitu dugu albistegietan, egunkarian, Interneten, leku guztietan:

–Malaysia Airlinesen hegazkin bat erori da Ukrainia ekialdean, Donetsk eskualdean, eta bertako 295 bidaiariak hil dira. Esaten dute ez dakitela zer gertatu zen, espekulazioak jarraitzen du; bitartean, hegazkinaren kutxa beltzak Ingalaterrara iritsi dira. Errusia eta AEBen erreakzioaren zain jarraitzen dugu (behintzat zutabe hau idazten ari naizen unean). Bitartean, hitz egitea tokatzen zaien munduko agintari guztiek isilik jarraitzen dute. Beste guztiok badakigu zer gertatu den, bi asteko inkomunikazioa ez da oztopo horretarako, leku guztietatik mezu berdinak datoz, koherentzia sendoenean.

–Gazan genozidio bat gertatzen ari da. Gure deskonexioak iraun duen denbora berdinean, sarraski bat gertatu da. Israel bonbardatzen ari da. 650 dira hildako palestinarrak eta ia bost mila zauritu daude. Oilo-ipurdia ateratzen digute argazkiek. Urruti dago, baina negarrez dauden haurren aurpegiak barruraino iristen zaizkigu. Mina sentitzen dugu distantzian. Israelek dio 32 direla hamabost egunetan hildako soldaduak, bere burua defendatzeko eskubidearen justifikazio ahularekin. Noiz arte jarrai dezake batek horrela, noiz arte interbentziorik gabe, ahaztu egingo garela uste duten itxaropenarekin. Barkatu, ez gara inozoak, ez dira udalekuetako urteetako garaiak.

Bi albiste horiek irakurri ahala potentzien arteko gerra bat hasiko den beldurrak gain hartu digu gorputz guztia.

Goiburu horien azpian, kirolen sailean (kirolen saila beste sail guztiak baino luzeagoa da), futbolaren inguruko albiste zerrenda dago. Irlan deskonektatuta egon garen bi aste horietan Munduko Kopa ospatu da Brasilen. Agidanez, Neymar jokalaria lesionatu egin zen eta Brasilek inoiz izan duen laidorik handiena jaso zuen. Zazpi gol jaso zituzten, etxean, zaleen aurrean, amets guztiak zapuztuz.

Udalekuetan nengoenean baino frustrazio handiagoz tindatu da etxera itzulera. Bitartean, Neymarren Twitter kontua jarraitzaileak irabazten ari da, egunero, hura zoriontzeko, animoak bidaltzeko. Milioika pertsona bere lesioaren eboluzioren zain daude. Lotsa. Amorrazioa. Falta den bakarra, beste futbol jokalari batek beste bi albisteen analisia egin eta ikuspuntua azaltzea da, mundua heziz, guri denoi lezioak emanez. Jende askok sinetsiko dio. Garai horiek dira. Eta, oraindik ere, isilik jarraitzen dute.

Bilatu