«Catalunyako arazoa» eta Urkullu

Estatu espaniarren eroso eta oparo bizitzeko ahaleginetan dabiltza jeltzaleak, eta hautesleek ulertu dute, azkeneko hauteskundeetan eman ziren bozka mugimendu ongi erakutsi zuten. Arzallusek berak aitortu berri du, egungo PNVren botoemaile franko ez dira ohiko botoemaileak. Urkullu dagoeneko botoemaile berri horiei begira goberanatzen ari da, Kataluniako bizkarra emanez eta ezker soberanistaren aurka harresia eraikiz.

2017/09/08

«Arazo katalana?»

Aurrekoan autoa gidatzen ari nintzela, irratia piztu, eta Urkulluri entzutean, hamaikagarren aldiz aho bete hortz utzi ninduen. Kataluniako prozesua hizpide zuelarik, «arazo katalana» aipatu zuen. Hamarkada luzez «euskal gatazka»; «el problema vasco» esamoldea jasan behar izan dugunontzat, lehendakariak aukeratutako esamoldea bereziki mingarria dela esango nuke.

Egiari zor, Katalunian sortzen ari den aldaketa, «arazoa» da espaniar Estatuarentzat, Kataluniako Errepublika aldarrikatuz gero, Estatu espaniarren krisi orokorra areagotuko litzateke eta. Nortasun arazoak; arazo ekonomikoak, politikoak eta juridikoak handituko dira. Ulergarria da nazionalista espaniar baten begietatik Kataluniako prozesua arazotzat hartzea. Harrigarria, berriz, bere burua euskal abertzaletzat jotzen duen pertsona baten ahotik hitz bera entzutea.

Kataluniako prozesu demokratikoaren aitzinean nazionalista espainiarrek erabili ohi duten terminologiarekin bat egitea oso adierazgarria da. Lagun, bidaide, ahizpa den herri batean prozesu askatzaile , eraldatzaile eta eredugarria bideratzen ari denean, Estatu espaniarrak dituen kezkekiko arduratsuago egoteak ederki islatzen du PNVk aukeratu duen kokapen politikoa.

Agerian egon da hasieratik Urkulluk zein jarrera hartu duen. Unió Democràtica de Catalunyako Duran i Lleidak aukeratu zuen lerroketa politiko bera hautatu du lehendakariak. Urkulluren kezka espaniar Estatuaren berdefinizioa da. Hori dela eta, Rajoy eta Kataluniako gobernuaren arteko liskarretan «tartekari» gisa azaldu nahi izan du. Irailaren 6an Euskal Herrian argitaratzen den erdal egunkari batean espresuki adierazi zuen.

Urkulluk ez du inoiz adierazi prozesuarekiko aldekotasuna. Testu-inguru historiko honetan, Euskal Herriko zati baten ordezkari gorena izanda, tartekariarena egin nahi izatea Estatuaren laguntzaile bilakatzen du bere jarrerak.

Alonsotegitarrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako euskal herritarren izenean hitz egiten omen duenez, Euskal Herriko alde honetan bizi garen asko biziki minduta egotea ulergarria da. Beste hainbat kontutan esan behar izan dugun lez, «ez gure izenean» esateko beharrean gaude asko. Auzo lotsa, zein samina sortzen digute lehendakariaren hitzek.

Une honetan, PNVk PP eta PSOErekin zenbait itun dute. Elkarri zor diote gobernua eta elkarren laguntza dute gai estrategikoetan. Kataluniako gaia estrategikoa delarik, PNV ezin da independentismo katalanarekin lerrokatu eta gutxiago euskal prozesu soberanista zabaldu. Egoera oso larria da, uste dugun baino larriagoa eta sakonagoa. PNVk PPrekin eta PSOErekin dituen loturak ez dira solik alderdi interes eta interes ekonomikoengatik. Horretaz gain, PNVk dagoeneko lotura politikoa du erregimenarekin. Nafarroako gobernuan egon diren azken tirabidek ere badute lerroketa politiko horrekin zerikusia, espaniar nazionalismoarekin hitzartutakoak ezin baitu onartu ezkerra eta ezker soberanista Nafarroako gobernuan zein udalerri handienetan agintean aritzea.

Estatu espaniarren eroso eta oparo bizitzeko ahaleginetan dabiltza jeltzaleak, eta hautesleek ulertu dute, azkeneko hauteskundeetan eman ziren bozka mugimendu ongi erakutsi zuten. Arzallusek berak aitortu berri du, egungo PNVren botoemaile franko ez dira ohiko botoemaileak. Urkullu dagoeneko botoemaile berri horiei begira goberanatzen ari da, Kataluniako bizkarra emanez eta ezker soberanistaren aurka harresia eraikiz.

Kataluniako hainbat lagunek adierazi diguten bezala, Katalunian ez dago solik herri horren etorkizuna jokoan, demokrazia bera jokoan da. Euskal Herrian ezin gara ikusleak izan gure laguntza behar dute. Erreferenduamaren aldeko mobilizazioak beharrezkoak dira; zer esanik ez, hobe leudeke zuzenean Kataluniaren Errepublikaren aldeko mobilizazioak egitea, baina laguntzarik hoberena euskal prozesua lehenbailehen zabaltzea da.

Artikuluak
Garazi Lizaso Manterola eta Irati Gonzalez Larena
2017/11/24
Iñigo Gandarias, Borja Garcia eta Gontzal Nuñez
2017/11/24
Gutunak
Joxepe Irigaray Gil | Auritz/Burguete
2017/11/24
Javier Umaran Muñoz | Barakaldo
2017/11/24
Javier Orcajada del Castillo
2017/11/24
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2017/11/24