Ataramiñe 2016. Espetxea eta sorkuntza

Zein da sorkuntzaren balioa espetxean? Zer suposatzen du espetxean sortzeak? Zenbat min? Zenbat irri? Nola eragiten dio itxituraren baitan dagoenari? Ataramiñekook sarri asko entzun ditugun galderak, eta erantzun bo- robilik atontzea zaila da, zinez zorrotza den espetxe errealitateari erreparatzen diogularik. Preso adina espetxe dago, bere baitan harrapatua daukana burnizko instituzioak oso manera intimoan urratzen duenez.

2016/07/31

Zertarako sortu beraz? Sentimendu, emozio, estimuluen eremu-laua den ez-lekuak, gorputz otzan eta ideia propiorik gabeko norbanako bilakatu nahi ditu bere baitaratuak. Helburua erdiesteko, instituzioak darabilen estrategiak hamaika ertz ditu, baina bada bat bereziki zorrotza, norbanakoa manera apartekoan urratzen duena: bakardadea.

Bakarlekua, bakarmortua, eta beste hainbat izendapen espetxe instituzioaren erraietan ematen den indibiduazio prozesua adierazteko. Bakardadea sortzeko makina erabatekoa, totala, baita izan instituzioa. Bakardade fisikoa, agerikoena, baita intelektuala, afektiboa, kan- poan dagoenarekiko erlazioa errazten duen zubi/hari bakoitza moztua, filtratua, sistematikoki eraitsia da bertan. Hala, espetxeratuaren eta kanpoaren arteko erlazioan, espetxe-instituzioa bitartekari ekidinezina bilakatzen da. Kanpo errealitatea antzemateko interface-a, norekin, noiz, non, zenbat denboraz, zer, zertarako, nora... Espetxeak antolatua, neurtua, ebaluatua, diagnostikatua dauka presoak, egunerokoa. Diagnostikatua, ezen bakardadea eta honek eragiten dituen aje, ezinegon eta keriak, erantzun terapeutiko baten aurrebaldintza baitira. Bakardadea sortu, beroni aurre egiteko bitarteko terapeutikoak eskaintzeko (ze pildorita nahi duzu? Gorria, urdina, txuria?).

Nola irudikatu izugarrikeria guzti hau? Zeintzuk lirateke bitartekoak? Nola biziraun?

Sorkuntzaren nozioari helduta, akaso, erantzun baten lehen trazuak marraztu ditzakegu. Bakardadeari aurre-jartzen zaion sorkuntza kolektiboa, esaterako. Bidexidor hori egiten ari gara azken hamabost urteetan Ataramiñen. Espetxean ditugun kide zein senideen bidaide, beraien sorkuntza lanen plazaratze bidean lagun gaituzte.

Edo areago, «lagun gaituzue» esan beharko genuke? Hitzok, beste urte batez, zuei bereziki zuzenduak baitaude. Espetxean zauzkaten lagunoi edo (Reau-ko espetxetik iritsitako oihuaren oihartzunean aditu dezakegunez) kanpoan gaudenon (gure) ez-munduaren copyrighta den eremu horretan bizi/borrokan zaudetenoi. Zuen esperoan zuen hitzak behar ditugu, hariak josi ahal izateko, eraitsitako zubia hitzez hitz, pintzel kolpeka berreraiki ahal izateko.

Beste urte batez, beraz, zuen sorkuntza lanak Ataramiñe den plazatxoan kaleratzeko eskean gatoz, lagunok. Zuen lanen zain beraz, zuen zain, beti. Orri zabalik, beso zabalik. Etenik gabe, espetxea eteten ez den heinean.

Artikuluak
Sara Majarenas Ibarreta
2017/11/25
Maitena Monroy Romero
2017/11/25
Garazi Lizaso Manterola eta Irati Gonzalez Larena
2017/11/24
Gutunak
Joxepe Irigaray Gil | Auritz/Burguete
2017/11/24
Javier Umaran Muñoz | Barakaldo
2017/11/24
Javier Orcajada del Castillo
2017/11/24
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2017/11/24