Aurelia Arcotxa

Bazter bideak: Martin Goihetxe Urruñako alegiagile ahantzia (1)

Idazleak Martin Goihetxeneren biziaren inguruan hausnartu du. Bere iritziz, "Euskal Herriak ukan duen alegialerik aberatsena, oparoena" da. Halaber, "Bazter Bideak" deitutako lehen atalean Arkotxa Daniela Albizuz oroitu da; lizeoko garaian euskal literaturaren obra garrantzitsuenetarikoak erakutsi zizkion irakaslea.

Daniela Albizuri
 
Jende hoberena da hango populua.
Lumako ere badu seme bat hautua ;
Goietxen alegiek buru seinatzen,
Damurik ez direla perla hoik prezatzen !
Eskalduna ez balitz den bezen gibela,
Hetan den gatza luke bilduren bertzela.
(Hiribarren 1853 [1997] :19)

Azaroaren erdia, Urruñara joan naiz espresuki arratsalde honetan Martin Goihetxeren hilobiaren berriz ikustera. Errestotik harrapatu nahiz haren urratsak. Hamabost urte baduke, bederen, ez naizela hilerri hauetan ibili.
 
Kineak utzi bezain laster autoaren gidatzen utzi ditut denak eta jin naiz, aspaldiko partez. Bolantean libertate sentimendu zoragarria. Behobiko errepideari jarraikiz, gero D811 errepideari. Halako batean ibarra zabaltzen da, herri sartzea agertzen perspektiba berrian. Karrika nagusian, maldan gora, emeki doa autoa eta Herriko Etxeko plazatik hurbil aparkatzen dut. Banoa emeki emeki, besapekoak lagundurik, eliza aldera, belaun zauritua zainduz.
 
Arratsalde murritza ja apal. Neguko eguzkia sartzear. Egunaren azken arraiek argitzen ari etxeak, karrika, eliza-gaztelua. Goihetxe hemen ibili zen. Bizi izan zen hemen. Badakit hartaz ez dudala deus atxemanen gaitzeko eliza honetan. Halere sartzen naiz. Ingurua egiten diot barnetik, aldare aitzineraino noa eta beherago, kantaderan pausatua, zabalik den alimaleko liburuaren titulu-orriko datari behatzen diot. Ez, nahiz hemeretzigarren mendekoa den, berantagokoa da, Martin Goihetxek ezagutu ahal izateko.
 
Urte andana bat lehenago gertatu izan balitz hau, Danièle deituko nuen bideari lotu aitzin. Guretzat, Maurice Ravel lizeoan, "Pilote anderea" edo "Madame Pilote" gure euskarako irakaslearen izena zen. Gero, urte anitz igaro ondoan, "Danièle" deitzera atrebitu nintzen, berantago oraino "Daniela", entzunez ja horrela zutela denek deitzen. Lizeoan, harekin nituen deskubritu Bernat Etxepareren "Kontrapas", Axularren "Sagarroia" eta "Usoa", Oxobiren "Belea eta Axeria"...
 
Bai, azaro berezi honetan deituko nuen Daniela, bizi izan balitz. Eta Urruñako atarietan, ibarra zabaltzen den gune horretan, errepidea zuzenean doalarik, ezkerretik den etxean geldituko nintzen. Eta sukaldera gomitatuko ninduen kafe baten hartzera. Eta Martin Goihetxez ariko ginen solasean.
 
Pentsatzen dut, eliza gotorrari datxikon hilerrira elkarrekin ginela joanen, airoski eleketa. Alegeraki. Martin Goihetxeri eginen genion hilen herrian bisita. Bizi izan balitz bezala hura ere.
 
Han da, XX. mendeko bigarren erditik landako hamarkadetan noizpait berritua duketen harbizi nabar haren pean. Hil-harrian haren izena ageri da bi data biluzik markatzen dutelarik haren bizi-haria:  1791-1859. Euskal Herriak ukan duen alegiagilerik aberatsena, oparoena. "Alegiagile" diot, ez soilik Lafontainaren eta Florianen "itzultzaile". Edo bestela "alegiagile" guztiak, Lafontaina barne, "itzultzaile" genituzke deitu behar.

Bilatu