Eneko Calle García
Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakariordea

Boto bat denontzako etorkizunaren alde

Datorren legealdia garrantzitsua izango da gu guztion etorkizunarentzat; izan ere, Eusko Legebiltzar berria aukeratuko dugu gizarteak, inoiz baino gehiago, politika inklusiboagoak eta azken urteotan galdutako gizarte-eskubideak berreskuratzea eskatzen duen une honetan.

Nazioarteko testuingurua aldatu egin da eta gainditu behar ditugun arazoak mundu-mailakoak dira, guztionak, herrialde aberats nahiz pobretuenak. Horrenbestez, erakundeek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, arazo horiei erantzun egokia eman behar diete, eta euren nazioarteko elkartasun-politikak mundu-mailako ikuspegi horretatik bideratu behar dituzte, planeta osoko arazo eta politikek elkarrekiko mendekotasuna dutela azpimarratuz.

Hori dela eta, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundetik zenbait proposamen bidali dizkiegu hauteskunde hauetan parte hartuko duten alderdi nagusiei, pertsonak euren politiken muinean jar ditzaten, horretarako genero-ekitatea errespetatuz, gizatasunaren eta elkartasunaren balioak kontuan hartuz eta, azken finean, giza eskubideen unibertsaltasuna aintzat hartuz.

Gure proposamenik nabarmenetakoa da garapenerako politiken koherentziaren ikuspegia barne hartzea Eusko Jaurlaritzaren ekintza guztietan. Pobreziari eta desberdintasunei aurre egiteko ikuspegi kausala eduki behar dugu; horri esker, zenbait politikak (komertziala, energetikoa edo fiskala, esaterako) beste herrialde batzuetan dituzten eragin negatiboak saihestuko ditugu, ez baitute herritarren zati batek euren eskubideak gauzatu ahal izateko baldintzak sortzea galaraziko edo motelduko. Horrez gain, ikuspegi kausalak Euskadin lortu nahi dugun garapen motari erantzungo dioten erabakiak hartzeko eta politika publikoak diseinatzeko irizpideak eskaintzen ditu.

Hauek dira euskal lankidetzaren oinarriak: batetik, herritarrek laguntza ematea, eta, bestetik, pertsonen eta herrien arteko elkartasunak konpromiso etikoa eta politikoa izan behar duela uste izatea. Oinarri horiek izan dira, hain zuzen ere, murrizketa ugariko garaietan indarra eman digutenak. Krisi-garai honetan, lan egingo dugu euskal lankidetza lehentasunezko politika bihur dadin eta Estatu osoan erreferente izaten jarrai dezan. Horretarako, nazioarteko lankidetza-politikak publikoa eta egonkorra izan behar du, gizarte zibileko erakundeekin batera gauzatutakoa, gorabehera politikoetatik harago.

Horrez gain, gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren aldeko apustu argia egitea eskatzen dugu, gizarte zibileko erakundeak sendotuz eta horietako parte-hartzea sustatuz, gardentasun eta kontu-emate handiagoa lortze aldera. Ez dugu ahaztu behar, besteak beste, beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren % 0,7ko aurrekontu-zuzkidura bat lankidetza politiketara bideratzea. Azken finean, indarreko legeria betetzeko besterik ez dugu eskatzen; izan ere, azken urteotan harriduraz ikusi dugu azken gobernuek sistematikoki hautsi dituztela 2007an legegintza-botereak onetsitako bi lege: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Legea, eta Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna.

Aldarrikapenak alde batera utzita, herritarren azalean jarri gara eta hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi nagusiek euren webguneetan argitaratu dituzten hauteskunde-programak aztertu ditugu, datozen 4 urteetara begira egin dituzten elkartasun-proposamenak eta giza eskubideekiko duten konpromisoa ikusteko. Gainetik begiratuta, indar politiko guztiak ez daude pobreziaren eta desberdintasunen kontrako edo iraunkortasunaren aldeko borroka bezalako gaiekin konprometituta, eta alde handiak ikusi ditugu hauteskunde-programen artean.

Ciudadanos eta PP bezalako alderdiek, adibidez, gai honen inguruko inolako aipamenik ez dute egiten, beren lehentasunetako bat ez dela argi utziz. Bestalde, EAJk kudeaketaren alorrari zuzendutako proposamen zabalak jasotzen ditu eta horietako batzuk gure sektoreak eskatutakoekin bat egiten dute. Dena den, proposamenak berriro ere uzten du alde batera taldeak berak onetsitako legeen betetzea; benetako aurrekontuarekiko konpromisoa, esate baterako. Izan ere, horren ezean proposamena betetzea lan zaila litzateke. Era berean, kezkatzekoa da kudeaketarekiko obsesio hori. Izan ere, azken urteetan burokrazia administratiboa behar ez bezala hazi dela ikusi dugu, lankidetzaren helburu politikoen eta nazioarteko elkartasunaren kalterako. Hala ere, garapenerako politiken koherentziaren aipatu ikuspegia barne hartzen dute, modu eskasean bada ere; auzia beste sailetara helaraztetik eta horren tratamendurako partaidetza esparruak sortzetik harago ez baitute konpromiso zehatzik jasotzen. Zentzu berean, PSE-EEk Giza Garapen Iraunkorraren zeharkako ikuspuntua sartzearen berme izatearen konpromisoa hartzen du, neurri konkreturik proposatu gabe. Beste gai garrantzitsu batzuk jasotzen ditu, gure eskaerak barne, besteak beste parte-hartze esparruak indartzea eta kontu-ematean hobekuntzak. Nolanahi ere, lankidetzaren aldeko apustu argi horrek alderdi horrek berak babestu zituen legeak betetzeko konpromisorik ez izateak atsekabetu egiten gaitu. Lege horiek, besteak beste, behartzen baitute Eusko Jaurlaritza aipatutako % 0,7 hori betetzera.

Azkenik, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiak dira apusturik irmoena gauzatu dutenak. Biek erakusten dute % 0,7arekiko aurrekontu-konpromiso argia, garapenerako politiken koherentziaren ikuspegiarekiko konpromisoa; bai eta jasangarria eta gardena den politika baten aldeko apustua ere, hiritartasun kritikoa lortzeko laguntzen duena eta subjektu desberdin daudela aitortuz -bereziki mugimendu sozialak-.

Igandean, hilaren 25ean, politika hurbilenen noranzkoa zehazteko aukera berri bat izango dugu. Herritarrei gonbita luzatu nahi diegu pobreziaren kontrako borroka eta nazioarteko elkartasuna alderdi politikoei eskatzeko auzien artean sartzeko. Gure botoak elkarri lotzen gaituen mundu honetan eragin globalak izan ditzake.

Bilatu