Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Errusiar erruletara jolastu nahi ez denean

Gorroto dut beldurra. Nire sentimendu ez positiboen rankinean lehen postuan jarriko nuke. Parrandatik etxera itzultzerakoan sorbalda gainetik begiratu behar hori, pausua azkartu eta inor ager ez dadin erregutzea… Giltzak eskuan portaleko atea azkar zabaltzeko. Badaezpada espaloia eskuinaldetik hartu etxe baten ertzera iristerakoan. Itzal hura… buff, ezaguna, ez zait ezer gertatuko. Errusiar erruleta aldeko izan dut. Etxearen segurtasunean pentsamenduak katramilatu eta beldurra berriz ere. Ezin loak hartu, urduri, tentsioan… Ze gorrotagarria den beldurra.

Are okerragoa zure alabarengan ikusten duzunean. Etxean ez dugu telebistako albistegirik ikusten, baina jakin du. Igerilekutik etorri zitzaidan aurreko batean Iruñean sanferminetako lehen gau hartan gertatutakoaz galdezka. Eta harrezkero badira aste batzuk udako gau sargoriotan leihoa itxita lo egin nahi duela. Txikiagoa balitz lasaituko nuke, «herri hau lasaia da, ez kezkatu» batekin. Esango nioke amatxo beti edukiko duela babesteko eta arren ezezagunekin ez hitz egiteko. Buelta gehiegi eman gabe onartuko luke araua. Baina orain nerabezaroan sartzear da eta ezin diot esan herri honetan ez dela holakorik gertatzen, Lezoko amek eurenei ere gauza bera kontatuko baitzieten, edota Getxokoek, Baionakoek, Gasteizkoek… Gertatzen dela esan behar izan diot, Euskal Herriko edozein jaietan gainera. Beldurrak baduela alde on bat esplikatu behar izan diot: erne egoten laguntzen zaitu. Babes ezazu zure burua. Bukatu da haurtzaroa.

Zergatiez galdetzen dit, nola egon daitezkeen holako gizonezkoak. Holakoak asko direla esan behar izan diot. Taldean egitearenak hainbatentzat neskok zer garen garbi adierazten duela esaten diot. Baina haren ondoren beste batzuk ere egon direla esplikatu diot: badirelako ere zurekin oheratu nahi dutenak eta momentua iristean ezezkoa onartzen ez dakitenak, mozkorraren aitzakiapean dena libre dela uste dutenak. Emakumeon zapalkuntzaz hitz egiten diot, bere neurrira azaldu diot patriarkatua zer den. Saiatzen naiz positiboa izaten eta esaten diot borroka feministari esker gizartean geroz eta indar gehiagoz salatzen direla horrelakoak, jendea kalera ateratzen dela protesta egitera, horregatik ari direla orain albistegietan garrantzi gehiago ematen ezkutuan egon den gaiari… Autodefentsa feminista ikastaro bat egin nahi duela ondorioztatu dit, nonbaiten entzungo zuen. Unea iristen denean egingo duela promestu diot. Momentuko lasaialdiaren ostean, gaua indarra hartzen hasten denean, ordea, beldurra, beldur madarikatua agertu da logelara.

Hor nago, berarekin, babes dezaket. Eta loak hartzen duen bitartean nire gaztaroko pasadizoak datozkit burura. Bakarrik bidaiatu nuen aldi haiek; trena hartu eta gizonez inguratuta nengoen hartan sentitu nuen izularria datorkit. Edota bilera batetik irtetean autobusaren zain nengoela gizon batek garaiko 5.000 pezeta eskaini zizkidan egun hura, sexu truke. Edota gauez taxi batetik salto egin nuen aldi hura, komuneko ihesaldia... Guztietan errusiar erruleta nire alde. Orduan lagunen beldurretara egiten dut jauzi. Bortxatu zutenetik pertsona bera izan ez den hura edota bere senar ohiak non bizi den asmatuko ote duen beldurrez bizi den hura. Haiek errusiar erruleta aurka.

Bere loari begira nagoela, ezin dut ekidin laster bera ere errusiar erruletaren jokoan sartuko dela pentsatzea. Bera eta bere lagunak joko makabro horretan sartuko dira, eta, errusiar erruletan ez bezala, euren borondatearen kontra. Ezingo dut gaueko ordu txikietan babestu. Bere sena eta zortea beharko ditu aldeko. Zoritxarrez gaur-gaurkoz zorte kontu bat baino ez baita. Askatasunean hazi nahi dut, libre senti dadila bere bizipenekin eta gorputzarekin nahi duena egiteko, nahi duenarekin partekatzeko; nahi duenean egiteko eta ez badu nahi ez egiteko. Bere buruarengan konfiantza eman nahi diot, bere burua maite dezan eta beldurretik aske bizi dadin. Baina badakit beldurraren arrak aldiro-aldiro pixka bat jan egingo duela.

Horrekin ere bizi daiteke, bizi izan gara eta bizi gara, baina zein ederra litzatekeen hori gabe kalera ateratzea, lasaitasunez parranda egin eta jendea ezagutzea. Eta hori ez du ezagutuko Jon edo Auritzek egingo duten bezala. Ezin du ulertu neska izateagatik zergatik ezingo den lasai ibili. Neuk ere ez, egia esan.

Bihar goizean, esnatzerakoan, argitasunak ematen duen lasaitasunarekin armak emango dizkiot: ez onartzeko inork ipurdirik uki diezaion, ez dezala, «txiki» eta «rubia» bezala deitzerik onartu; ez uzteko inori bere gainetik jartzen eta neska delako umiliatzen; borroka dezala bere lanean gizonek bezala trata dezaten; inongo mutilek ez dezala maitasunaren izenean bere mugikorra kontrolatu; ez lehiatzeko beste neskekin mutilen onespena lortzeko; ez ditzala eredu maskulinoak bilatu horiek imitatzeko; ez dadila bere gorputzaz inoiz lotsatu; ez ditzala boto ziztrin batzuen truke euren burua feministatzat hartzen ez duten hautagaiak bozkatu… Konforme oheratu naiz datozen egunetan eta urteetan eman behar diodan hezkuntza feministarekin harro.

Baina esnatzean ez dago lasai eta ea horrelakoak egiten dituztenekin epaitegietan zer gertatzen den galdezka hasi zait eta hor ere zintzoa izatea egokitu zait. Orduan hipokresiaz hitz egin behar izan diot, kartzela zigorra eredu ez izanda ere, delitu arinagoekin alderatuz emakumeak bortxatzea merke ateratzen dela esplikatu behar izan diot; emakumeak delituen biktima baino, maiz probokatzaile, asmatzaile, histerika gisa tratatuak garela abisatu behar izan diot; urteak pasatzen direla prozesuak amaierara iritsi arte eta kasurik onenean zigortuak ateraz gero kartzelatik ateratzen direnean bizitza normala egiten dutela abisatu behar izan diot, futbol lokaleko heroi bihurtzeraino. Euskal Herria ez omen da India edo Afganistan, baina auzi honetan elkarrekiko antza gehiegizkoa da, hau da, delituon jarraipenaren tinkotasunean beste delitu batzuekin alderatuta. Emakumeen aurkako indarkeria prezio merkean hemen ere.

Orduan jakin dugu, 500.000 euroko fidantza ezarri zaiela Iruñeko bost bortxatzaileei, delitua egin eta hilabete eskasera. Momentuz espetxean segituko dute, baina izan zitekeen bestela. Zuzenbide fakultatean ikasi nituen eta oraindik gogoan ditudan lau topiko bota dizkiot bere ulergaitz aurpegia aurrean nuela: denok izan behar ditugula eskubideak, espetxea modu prebentiboan ahalik eta gutxien erabili behar dela… bla, bla, bla. Egoera hain dramatikoa ez balitz irrigarriak izango lirateke bere zentzu komunaren aurrean.

Etsi dut. Ez du beldurra gaindituko, geratzeko etorri da eta ez da argudio eta kontsolamendu terapia baliagarririk egongo hura uxatzeko. Beldur gorrotagarria. Uda honetan hainbeste ikusi dudan pankarta datorkit burura: “Ez dut ausart izan nahi, libre izan nahi dut”. Zoritxarrez libre izateko bide luzea daukagula eta borrokatzea tokatuko zaiola esan diot. Ez dela bakarrik egongo, beste emakume asko aspaldi batu ginela borrokara, gizonezko asko ere izango dituela alboan, mundua eta gure gertuko ingurunea aldatu behar ditugula esan diot. Eta nik jada ezingo dudala babestu txikitan bezala baina berarekin batera borrokatuko dudala esanez amaitu dut. Besarkada handi bat eman dit eta antza lasaitu da, gaiez aldatu eta madalenak kafesnetan bustitzeari ekin baitio. Nik errusiar erruleta alde izan dezan, edo, behin desiratzen hasita, festara ateratzea emakumeentzat ez dadin errusiar erruleta izan baino ez dut nahi.

Bilatu