Garbiñe Zurutuza
EH Bilduko kidea

Euskararen birikak

Arnasgunea, horrela esan diote euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen digun inguruneari. Hori entzun eta burutazio ugari datozkigu, hori bai, birika osasuntsu duenak arnasa hartzeko bidea errazago izaten du.

Udalerri euskaldunei deitu zaie arnasgune, haien arteko antolakundea, beraz, birika antzeko zerbait dela pentsa dezakegu, baina UEMAren kasua al da hori?

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zenetik 25 urte pasa dira. 1991eko maiatzaren 5ean sortu zen, Aizarnazabalen, euskaraz eskubide osoz bizi nahi zuten 17 udalekin. UEMAren sorrera bultzatu zuen mugimendua, ordea, hiru urte lehenago hasi zen, 1988an. Urte horretan Euskal Herrian Euskaraz elkarteak kanpaina bat abiatu zuen «udalerri elebakarren alde», mozio bat aurkeztuz udalerri euskaldunetako udaletan. Mozioa onartu zuten hainbat udal elkarren artean koordinatzen hasi ziren, eta mozioan esaten zirenak abian jartzeko lehen urratsak egiten. Lan horren ondorioz sortu zen UEMA. Euskaraz eskubide osoz bizitzeko hautua egin duten udalak gehituz eta gehituz joan dira, eta gaur egun  lurgune euskaldunetako 73 udalerrik osatzen dute, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra delarik.

Horrela, herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du mankomunitateak. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk.

Euskarari dagokionez, aitzindari eta bide urratzaile izan da UEMA. Duela 25 urte sortu zenetik, ibilbide luzea egin du, eta egiaztatutako esperientzia du. Hizkuntza politika aurrerakoiak bultzatzen ditu UEMAk, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun politikak ez dielako erantzuten bere herrietako errealitate soziolinguistikoari.

Eremu instituzionalean, udalen euskalduntzeari dagokionez, erreferentzia bilakatu da. Izan ere, euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek. Instituzio mailatik haratago, herritarrentzako nahiz merkatarientzako zerbitzuak ere eskaintzen ditu mankomunitateak.

Honegatik guztiagatik UEMA zoriondu beharrean gaude urte hauetan guztietan egindako lanarengatik. Kontuan hartu behar dugu azken 25 urteotan udalerri euskaldunak izan direla euskararen galera gehien sufritu dutenak. Zer gertatuko zen UEMA izan ez balitz? Zoriondu behar dugu UEMA, bai, besteak beste, euskararen galerari ere aurre egin diolako.

Hizkuntza gutxituak bizirik iraun dezan, ezinbestekoa da hizkuntza hori nagusi izatea eremu geografiko batzuetan. Ez dira ghettoak, ez baitira isolatuta bizi behar, herri batean sortzen diren guneak baizik, non euskaldunak normaltasunez euskaraz bizi daitezkeen, neurri handi batean behintzat. Gune horietako biztanle gehienek badakite euskaraz hitz egiten, hizkuntza hori normaltasunez erabiltzeko baldintzak aurkitzen dituzte udalerri horietan, eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa naturaltasunez gertatzen da.

Arestian  esandako moduan, oro har, 25 urte hauetan euskararen ezagutzan egindako urratsak nabarmenak izan dira.

Izan dituzte irabaziak udalerri euskaldunek, bistan denez, batez ere herriko gizarte bizitzako zenbait espaziotan, eta bereziki espazio formaletan: udal administrazioan, hezkuntzan, tokiko hedabideak… Horren ondoan, ordea, galera zantzuak ere antzeman dira azken urteotan, euskararen ezagutzan eta baita etxeko erabileran ere, esate baterako. Euskararen arnasguneek ere badituzte, horrenbestez, ahulgune batzuk, eta euskararen normalizazioaren ikuspegitik errealitate larria da hori, kontuan izanda euskarari arnasa ematen dioten ezinbesteko guneak direla.

Galerak edo ahulguneak antzeman dira, beraz, baina UEMA sortu zenetik 25 urte igaro ostean, orduko ilusioa, lanerako gogoa eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko premia bizi-bizirik daude oraindik. Ezinbestekoa da euskararen sustapenean dihardugunon artean, elkarlanean, ezberdintasunen gainetik, euskararen inguruan eta hizkuntza eskubideen defentsan oinarrizko kontuetan ados jartzea. Euskararen normalizazioan esateko eta egiteko asko dugu, eta euskararentzat arnasguneek duten garrantzia kontsentsu zabalez baieztatuz berauek zaindu, babestu, indartu, sustatu, eta hedatzen saiatu behar dugu, UEMAren bitartez. Alabaina arnasguneen biziraupena ez dago soil-soilik hiztunen borondatearen menpe edo hizkuntzari dagozkion faktoreen menpe. Bestelako faktore batzuek ere eragin handia izan dezakete, hala nola ekonomikoak edo lurralde antolaketazkoak. Hortaz arnasguneek arnasgune izaten segi dezaten politika orokorrak, eraginkorrak eta zeharkakoak diseinatu eta aplikatu behar dira.

Herri eta eskualde euskaldunez gain euskara nagusi izango den bestelako ingurune sozialak bilatu eta eraiki behar ditugu, toki geografiko konkretu bati atxikita egongo ez direnak. Arnasaguneen kontzeptuaren esanahia usatuz, nagusiki erdaldunak diren eskualdeetan ere euskara nagusi izango den guneak antolatu behar dira, non euskaldunek arazorik gabe euskaraz jardun ahal izango duten: eskolan, auzunean edo bailaran, lan-tokian, aisialdian… Arnasgune funtzional horiek ere beharko ditu euskararen normalizazioak.

Euskararen arnasguneetatik, arnasguneak zainduz, herritarrek egiten duten bizitza euskaraz izan dadin bideak urratuz, euskara erabilera arrunteko hizkuntza bihurtu arte, bai kale bizitzan, bai auzoan, bai familian, bai lagunartean eta baita lan munduan ere, euskara eremu guztietara hedatuz, erronka berriekin, asmo berriekin eta nahi berriekin,

Bilatu