Maddalen Corcuera Ameztieta

Euskaraz jaio

Ezin dezaket imajinatu erditze eguna baino une intimo eta bereziagorik; eta benetan intimoa norberaren pentsamendua da, eta pentsamendua hizkuntzak osatzen duenez gero, erditzearen intimidadeak hizkuntzaren eskutik joan beharra dauka. Familia, emagina eta jaiotzear dagoen haurra erditzearen eta hizkuntzaren intimidade horretan murgiltzen gara ordu luzez, uzkurdurak joan, uzkurdurak etorri.

Ez zen erraza izan 90eko hamarkadan Gasteizen hazi ginen haur euskaldunon bidea. Mespretxuz baino gehiago harriduraz "Los vascos" ezizenaz ezagutzen gintuzten auzoan. Hala behar zuen izan, lau katu baino ez ginen eta. Bakardadearengatik edo agian ama hizkuntza erabilita erosoago sentitzen ginelako, euskal familiek babesa eman genion elkarri, eta harreman iraunkor eta berezia sortu zen geure artean.

Egun, egoera anitz aldatu da hirian. Familia euskaldun mordoa dago eta ikastoletako irteeretara joaterekin antzematen da hizkuntzaren erabilerak aldaketa sakona jasan duela azken hamarkadetan, iada ez baikara lau katu. Benitoren hitzak lekuko: Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi… Atzo baino askoz ere gehiago eta bihar baino askoz ere gutxiago, seguru.

Gero eta gehiago garela nabari da kaleetan barrena, eta etorkizunean gehiago izango garela Txagorritxuko erditze ospitalean emagin gisa lan egiten dudan zerbitzuan susma daiteke. Familia bat euskal hitzekin agurtu eta uzkurdura artean «Euskalduna zara?» galdetu eta irribarretsu baietz erantzutean, nolabaiteko argi berezi bat pizten da gure begietan, haurtzaroan bezala euskaldunok oraindik ere geure arteko babes horren beharra bagenu bezala.

Orduan ere lotura berezi bat sortu ohi da gure artean, euskara erabiltze hutsagatik harremanean jariotasun gehiago sortuko balitz bezala; eta ohartzen naiz familia horren egun garrantzitsuenean euren hizkuntza erabiltzeko aukera izango dutela eta horrek berebiziko garrantzia izango duela.

Ezin dezaket imajinatu erditze eguna baino une intimo eta bereziagorik; eta benetan intimoa norberaren pentsamendua da, eta pentsamendua hizkuntzak osatzen duenez gero, erditzearen intimidadeak hizkuntzaren eskutik joan beharra dauka. Familia, emagina eta jaiotzear dagoen haurra erditzearen eta hizkuntzaren intimidade horretan murgiltzen gara ordu luzez, uzkurdurak joan, uzkurdurak etorri.

Are gehiago pozten nau familia euskaldun berri eta euskaltzaleek euskaraz artatzea eskatzen dutenean, ume berriaren heziketa euskaraz egin nahi dutelako eta heziketa hori erditze egunetik hasi nahi dutelako. Euren esfortzua haurdunalditik hasten da eta euskaradunok asko diegu eskertzeke, beraie esker euskaldun berri ugari jaiotzen direlako zilbor hestetik.

Egunak joan egunak etorri, gero eta emakume gehiago erditzen dira euskaraz, eta jaioberri ugarik euren lehenengo hitza euskaraz entzuten dute. Ez dakit horrek inpronta bat sortuko duen euren bizitzan edo ez, baina emakume bat euskaraz erditzen laguntzen dugun bakoitzean gizarteari ekarpen bikoitza egiten diogula uste dut. Alde batetik, ume bat gehiago jaio delako, eta bestetik euskara izan delako bere lehenengo arnasean entzundako hizkuntza.

Iraganean izan dugun eta egunotan oraindik ere euskaldunok daukagun babes behar hori amaituko dela sinisten dut orduan; fruiturik baliagarriena sortu baita: etorkizuneko euskal hiztun berri bat. Halaxe, bada itxaropenik, euskaraz jaiotako haur hauek ere, noizbait euskaraz erdituko direlako, eta enbor beretik abiatuz euskaraz jaiotzen jarraituko du Euskal Herriak.

Bilatu