Joxe Blanco Gómez
Laudio

Ezinezkoaren bilatzaileak

José-ren istripuaren oihartzunak eta ondorioak hausnartzen amaitu gabe nengoela, Mikel Etxebarria Iztueta «Makauen» euskal militante historiakoaren heriotzaren berriak astindu egin ninduen Trianokoa pasa eta astebetera

Astebeteko epean, bakoitzak bere neurrian, niregan eragin handia izan duten bi heriotz gertatu dira. Elkarrekin ez dute zer ikusirik baina antzeko gogoetak sortu dizkidate eta, aldeak errespetatuz, batera ipinitzean inor ez mintzea espero dut.

Hilaren 1etik 2rako gaueko ordu txikitan Euskal Espeleolaguntza sarearen bitartez Galdameseko leize batean gertatu istripuaren harira mobilizatzeko deialdia jaso nuen. Mezua argia zen gertakizunaren larritasunaren inguruan, balizko heriotza aurreikusiz. Handik ordu gutxira, berria baieztatu zen baita hildako espeleologoaren izena ere: José Ganbino, Burnia Espeleologia Elkarteko kidea, Aranaga leizean desobstrukzio lanetan ari zela, hilik suertatu zen sortutako lubiziak zanpatuta. Une hartatik aurrera berriak zer esan handia eman zuen hedabideetan, José-ren hilotza berreskuratzeko lanen zailatasunagatik. Igande goizez, erreskate lanak bertan behera geratu ziren, erreskatatzaileek hartu behar zituzten arriskuengatik. José-ren gorpua, hainbeste maite izan zituen Trianoko Mendien erraietan geratuko zen betiko.

José Ganbino ezagutu ez arren, eta laguntza lanetan parte hartu ez badut ere, espeleologiarekin dudan harremana dela eta, oso hurbiletik bizi izan dut gertatutakoa, oso hurbil sentitu. Espeleologo baten galera, bere familia eta lagunen mina, laguntza lanetan ibili diren boluntarioen ekarpena... Hunkigarria izan da gertakizun latz honek sortutako elkartasun oldea ikustea eta sentitzea, familia eta kideen eskertza testigantzak entzutzea... Oihartzun handia izan du berriak eta niri behintzat, nire zaletasunaren berri izanda, jende andana galdezka hurbildu zait.

Istripu larri hauek gertatzen diren guztietan ekidin ezina da «zentzurik gabeko jarduera» hauen inguruan jendartean gogoeta zabaltzea: «Merezi al zuen!?? Ze demotre galdu zuen hor barruan 37 urteko gazte ero horrek!?». Galdera eta epai horiek oso ohikoak izan dira, herritar arrunt eta zuzenen aldetik, mendi jardueren inguruko gertakizunetan (alpinismo eta eskaladan gehiago espeleologian baino ohikoagoak baitira istripuak): «Zerk ematen die mendiak heriotzaren bila joateko?», «Alperrikako heriotzak dira horiek»... Aurreiritzi eta epai horien ondorioak dira, alpinista ezberdinek asmatutako «Alperrikakoaren konkistatzaileak» «Ezinezkoaren ahoan» edo «zazpigarren zentzumena» bezalako esaerak, herritar «normala»-ren begietara azalezina dirudienari «arrazoizko» azalpen eman nahiean edo.

Zelan azaldu bestela, onura materialik ematen ez duen jarduera nekoso eta arriskuz betea grina bihurtzea? Mundua ulertzeko ikusmolde honetan, amets egiteko ahalmena, bizipoza, ilunabar bat edota elkartasun keinu bat, ..., sari bakarrak direla? Zelan ulertarazi unean uneko gorputzak eskatu bezala bizitzearen askatasuna?

José-ren istripuaren oihartzunak eta ondorioak hausnartzen amaitu gabe nengoela, Mikel Etxebarria Iztueta «Makauen» euskal militante historiakoaren heriotzaren berriak astindu egin ninduen Trianokoa pasa eta astebetera. José Ganbino ez bezala, Mikel hurbileko pertsona nuen eta larriki gaixorik zegoela jakinda ere, bere heriotzak sekulako hutsunea utzi dit. Tolosaldeko Berastegi herrian jatorri izanda, 60. hamarkadan soldaduskatik ihes egin zuen euskal erresistenzia armatuan buru belarri jarduteko. Lorratz sakona utzi duen ibilbide luzeko iraultzailea dugu Mikel eta ondorioz, hamarkadatan zehar sasia, erbestea eta gartzela ezagutu zituen. Gure eskualdearekiko lotura oso aspaldikoa zen eta bertan familia erroak zabaldu zituen. Famili honek era gordinean ezagutu zuen errepresioa, Mikelen ondoan egoteagatik. Gartzelatik atera zenez geroztik, Laudion bizi zen. Hori dela eta, laudioarrok Mikel ezagutzeko aukera izan dugu, baita bere bizi ibilbidea partekatzeko pribilegioa eduki ere. Mikelek bere azken hatsa emateko zorian zegoela, oso argi zuen, egindako ibilbideaz harro, alperrikako bidea ez zela izan; bizi izandakoa horren lekuko, bere herriaren askatasuna helburu.

Azkenaldian, euskal gatazkaren egoeraz eta norabideaz, kide, lagun eta ezagunekin solasean, galdera berbera agertu izan da: honek guztiak merezi izan al du?? Zer lortu dugu, hainbesteko sufrimendu, zigor eta galera pertsonalen ondoren? Bizitza oso baten konpromezu umila eta ixila laburtzen duen Mikelen irribarrean dago erantzuna.

Alpinistek, espeleologoek... idealisten eta iraultzaileen antzeko ikuspuntua dute bizitzaren inguruan. Eta bizimodu horren onurak ulertu barik, zaila da azaltzea; bizimodu horrek bizitzen laguntzen digulako. Utopia baten alde bizitza eman, alperrikakoaren bila aritzearen parekoa baita!

Galeanoren hitzak gogoan: «Eta zertarako balio izan du honek guztiak?? Ba horretarako (...), bizitzeko».

Bilatu