Mikel Agirregabiria, Bego Larraza, JJ Agirre, Aitziber Leturiaga, Asier Undabarrena, Mamen Ladrera
ELA-ko sindikalistak eta funtzionariak

Funtzionarioak eta (gainera) sindikalistak gara… Barka!

Badakigu jakin, funtzionariook ez dugula ospe onik, eta are okerragoa sindikalgintzan arituz gero! Lan eskerga egiten baitute boteredunek eta euren hedabideek hala izan dadin. Lerro hauek, ideia hori aldatzen laguntzeko ekarpen xumea izan nahi lukete.

Demokrazia batean botereek banatuta eta orekatuta behar lukete. Botere legegileak, exekutiboak eta judizialak, zein bere esparrua behar dute, Estatua botere faktikoen eta presio taldeen hatzaparretan geratuko ez bada. Garaiotan, botere ekonomikoa ia erabat gailendu da eremu guztietan. Hedabiderik handienak ere kontrolpean dituzte, eta horrela, agerian nahiz oharkabean eragiteko sekulako gaitasuna eskuratu dute. Funtzio Publikoa ahularaztea lehentasunezko helburu dute. Gainera, aurre egin beharko liekeen sindikalgintza zatituta ageri da, alorkako eta tokiko dinamiketan murgilduta, eta sindikatu horirik ere ez da falta, tamalez.

Kapitalaren hedabideek gainera, kultura politiko urria ereiten dute nahita, eta kudeaketa publikoaren gaineko arduragabekeria. Hori bai, futbola eta zaborra zenbanahi eskaintzen digute. 
Emaitza, espero zitekeena da: boterea eta aberastasuna gero eta persona gutxiagoren esku ari da pilatzen, clase ertaina gero eta murritazgoa da, beharrezkoa ez den heinean, eta errito «demokratikoen» bitartez ezkutatzen digute, «politikaren boterea» behin betiko gal litekeela azkar eta eraginkortasunez ekiten ez badugu.

Komunikazioaren hariak dantzarazten dituztenek, Funtzio Publikoaren izen ona zikintzen eta baliogabetzen dute, zatitu eta saldu egiten dute (zerbitzuen esternalizazioa, azpikontratazioak, zerbitzuak itxi eta saltzea…), oposizio larririk gabe, Espainiar Estatua edo haren menpeko gure instituzioak bezalako ibilbide demokratiko motzeko erakundeen aldetik.

Merkatuek guztia menderatu ez dezaten aldarrikatu behar dugu politika; Euren jardunaren garrantziaz jabetzen diren funtzionarioak eta politikariak behar ditugu. 
ndo prestatutako funtzionarioek badakite ekimen politikoaren garunak eta besoak direla. Horregatik, ulertezinak dira politika egiteko molde jakin batzuk, funtzio publikoa desitxuratu nahi dutenak, ohartu gabe, funtzio publikorik ezean, ekimen politikoa erabat jokoz kanpo geratuko litzatekeela. Ezagutzen ditugu gaizki gobernatutako herrialdeak, funtzio publiko sendo batek ondo kudeatuta aurrera ateratzen direnak. 
Egiazko politikan sinisten duten politikariak behar ditugu, herritarren zerbitzura jardungo dutenak, eta ez interes ezkutuen alde. Politika handiak herri-langile independenteak eta eraginkorrak behar eta sustatzen ditu, irizpide neurgarri eta objektiboen bitartez aukeratuak, onura publikoaren defentsan jardungo dutenak, gizarte elkartu eta solidario baten oinarri.

Sistema publikoari edota herri-langileei eraso egiten dieten alderdi eta politikariak. Ez dira euren ekintzen ondorioen larritasunaz jabetzen. 
Osakidetzan enpleguak suntsitzea, adibidez, eebbetako eredura bidean jartzea da, atzera bueltarik gabe. Eebbetan, populazioaren %15ek (46 milioi lagun baino gehiago) ez du osasun sistemara sarbiderik, ez daukalako aseguru pribatu bat ordaintzeko dirurik. 
Euskal Herrian ere, soilik jardun sindikalak geldiarazi ditzake, politikari arduragabe jakinek osasun, hezkuntza edo lege arloan bezalako garrantzi handiko eremutan ezarri nahi dituzten atzerakorik gabeko murrizketak, herritarrei, oro har, sekulako kalteak eragin arren.

Hezkuntza, osasun edo lege arloko funtzionarioez gain, aldarrikatu nahi genuke administrazio orokorrean lan egiten dugun herri-langileon izen ona. 
Aipatutakoena edo suhiltzaileena, edo bestelako kolektibo batzuen lana bezain agerikoa ez den arren, diru eta pertsonal baliabide handiak kudeatzen dira administrazio orokorrean herritar guztien zerbitzura, prestakuntza jarraiaren, egiaztatuaren eta neurtuaren bermearekin, eta batez ere, ekimen alderdikoi interesatuentzat galga eta oztopo den independentzia oinarri.

Sindikatuek kontrabotere gisa jardun behar dute, lan baldintzen eta gizartearen beharren defentsan, lan-inklusioa guztion eskubide gisa defendatuz, gizarte demokratiko bat eraikitzeko. 
Azken hamarkadetan sindikalgintzak aldaketa sakonak nozitu ditu, baina baita eskenatoki politikoak ere. 
Duela 30 urte eaen burujabetzaren parte bat berreskuratu genuenean, orduko agintariak, euren botere politiko bidezkoaren kontzientzia handiagoa zeukaten, eta sindikalgitzarekiko elkar ulertzea bideragarriagoa eta eraginkorragoa izan zen, norbere ikuspegien dialektikaren baitan. Egun, botere politikoa merkatuaren indarrei makurtzen zaie lotsatu barik. Hortaz, sekula baino beharrezkoagoa da sindikalgintza independentea, indartsua eta ondo antolatua. Eta beharrezkoa da, era berean, botere ekonomikoaren aliatu den sindikalgintza horiaren ekimenak salatzea. 


EAE eta Nafarroa dira herri-langile gutxien daukaten bost «autonomietako» bat, Estatu espainiarrean, baina gainera, Espainia bera europako bataz bestekotik behera dago. Aldiz, bizi kalitaterik altueneko herrialdeak dira lanpostu publiko gehien eskaintzen dutenak. Ez dago demokrazia heldu bat eraikitzerik, ez gizarte orekatu eta solidariorik, funtzionarioen eta sindikalisten ekarpenik gabe. Erakunde enpresarialek eta zenbait alderdi politikok onartu beharko lukete hori, eta horren arabera jokatu (eurek jokatzen duten gizarte-funtzioa geuk ulertzen eta errespetatzen dugun gisa berean). 
ure gizartea galduta legoke ondo antolaturiko, mobilizaturiko eta eraginkorrak diren sindikaturik gabe. Eta galduta legoke ere, kalitatezko funtzio publikorik gabe, eta maila oneko politikaririk eta herri-langileriarik, funtzionaritzarik gabe.


Bilatu