Maite Huarte
Gasteizko eskola publikoaren aldeko plataformaren izenean

Gasteiz eraikitzen eskolatik

Urtebete baino gehiago igaro da Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataforma sortu zela. Plataforma Gasteizen sortu zen eskola publikoko familien kezka batengatik: hiriko eskola segregazioa eta eskola publiko askoren ghetto bihurtzeko joera.

Batetik, zenbait ikastetxetan ikasle gehienak etorkinen seme-alabak dira edo gizarte egoera ahuleko familietakoak; eta bestetik, zenbait ikastetxetan ia ikasle guztiak erdi klasekoak eta bertakoak dira.

Urte bizia eta sakona izan da, denetarik izan dugu: oso une hunkigarriak, besteak beste, Euskal Eskola Publikoaren aldeko Manifestua Gasteizen prentsaurreko jendetsuan aldarrikatu genuenean; eta beste une batzuk, aldiz, etsipen handikoak, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren hitz ederrak entzun arren, guk salaturiko arazoarekiko aldaketa handirik ez zela izan ikusi genuenean. Egiatan uste dugu zerbait garrantzitsua lortu dugula: arazo bat, gure eskoletako segregazioa, argitara atera eta eztabaidagai politikoa bihurtu dugu. Arazo hori urtetan gauzatuz joan da, baina hainbat hezkuntza eragileren salaketak eta guzti, inoiz ez du izan toki nabarmenik gure hiriko agenda politikoan.  Halaber uste dugu, eta hasieratik bagenekien hori, borroka luzea eta zaila izango dela. Aurrean duguna luzaroan oinarrituriko pribilegio sistema bat da, eta horri ez diote erraz uko egingo.

Baina erabat sinetsita gaude gure eskakizuna justizia sozialeko gaia dela. Kontua ulerterraza da, gure hezkuntza sistemak ikasleak modu desberdinean ez tratatzea, sakelaren, larruazalaren kolorearen edo norberaren etxean jarraitzen den erlijioaren arabera.

Gogaitu arte errepikatu dugu, eta jarraituko dugu esaten kalitatezko eskola nahi dugula denentzat, hezkuntza inklusiboa, laikoa, ekitatiboa eta kultura-artekoa. Eskola gizarte kohesiorako funtsezko atal gisa ikusten dugu, eta eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren funtsezko eta lehentasunezko ardatz gisa.

Denontzako eskola bat benetako gizartearen isla izango dena, eta Gasteizen bizi diren umeentzat aukera bat, elkarrekin hazteko eta aniztasun horretatik aberasteko. Gizarte klasea edo jatorria ez dira erabakigarriak izan behar kalitate handiagoko edo txikiagoko hezkuntza batera sartzeko, hornikuntzari eta baliabideei dagokienez behintzat; are gutxiago derrigorrezko irakaskuntzaren kasuan.

Gure hirian gaur egun gertatzen dena erabat onartezina da, eta Gasteizko elkartasun ospe handiaren kaltetan doa, hiri hezitzaile izatearen izena lohituz. Etorkinen eta egoera ahuleko familietako (ijito etniakoak) seme-alabentzako ikastetxeak egotea; eta bestetik «betiko familia gasteiztarren» seme-alabentzako ikastetxeak egotea gure gizartea pobretzen duen eredua da. Eta eragina izango du, zalantzarik ez egin, umeengan, haziko baitira beste auzokideak eta hirikideak ezagutu gabe eta haien beldurrez.

Hiri honetako ikastetxeak %100 daude diruz lagunduta, gure zergen kontura, Gasteizen bizi garen guztion zergen kontura. Baina herritar horietako batzuek ezin izango dute ikastetxe batzuetara sartu, zeharkako mekanismoen bidez eragotzita: hileko kuotak, izaera katolikoa, «hautaketa» sistema ad hoc informalak baina oso eraginkorrak, matrikula egitean erabiltzen direnak.

Premiazkoa da eztabaida eta gogoeta egitea hezkuntza itunari buruz, zaharkitua geratu baita, eta antzinako erregimenetatik eratorritako pribilegioetan oinarritu baita; baina justizia sozialaren printzipio oinarrizkoenen kontra doana. Premiazkoa da benetako apustu politiko bat egitea eskola publikoaren alde, Eusko Jaurlaritzarena ez ezik, Legebiltzarreko gainerako alderdi politikoena ere. Eskola publikoa izan da, orain arte, integratzeko eta erantzuteko gaitasuna erakutsi duen bakarra, bizi garen gizarte aldakor honetan.

Bilatu