Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Herri txikien adimena

Bi esperientzion gidari izan ziren bi pertsonari arrakastaren gakoa zein izan den galdetu nien. Biek ez zuten elkar ezagutzen, eta erantzun berbera eman zidaten: autoestimua

Ikasleei tokiko garapenaren inguruko ikasgaiarekin hasterakoan ariketa bat jartzen diet: Bizkaiko hiru eskualdeen artean ­–Arratia, Lea eta Txorierri–, zeinek zuen 1990eko hamarkadan garapen ekonomikorako arrakasta aukera gehiago? Erantzuteko irizpide batzuk finkatu behar dituzte eta hainbat aldagai sozioekonomikoren estatistiken bitartez aukerak ebaluatu. Eskualde hautatua Txorierri izan ohi da, aireportua, parke teknologikoa, egitura industriala, autobia eta autopista ondoan, unibertsitatea gertu, populazio masa nahikoa eta goi-mailako ikasketadun gehien dituelako besteak beste. Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibar herriez osaturiko Lea bailarari ahalmen gutxi egokitzen omen zaio, ordea, ez bada turismoari loturikoa. Learen aukerak gutxiesteko arrazoiak anitzak dira: populazio eskasa (1.903 biztanle 1996an) eta zaharkitua, landa eremuaren despopulazio fenomenoa, goi-mailako ikasketadun tasa baxuena, errenta maila apala, unibertsitate, zentro teknologiko, lanbide heziketako ikastetxerik gabe eta urrun, hiriburuetatik urrun, gaizki komunikaturiko izkina geografikoan kokatua, bertara iristeko bi portu igaro beharra eta errepide bihurgunetsuak, aireportu, trenbide, autobia eta autobideetatik urrun, industria-tradiziorik gabekoa… Ekonomiako fakultateetan erakusten den eskuliburuaren arabera Lea ibarrak jarduera ekonomikoa sustatzeko baldintza erabat ahulak zituen, akaso zertxobait turismoan Lekeitio ondoan dagoela profitatuz.

Lehen erantzunak jaso eta gero, azken hiru hamarkadetan eskualde bakoitzak izan duen bilakaeraren datuak aztertzen ditugu. Orduan sortzen da sorpresa. Emaitza onenak Leako bost herritxoek erakusten dituztelako: despopulazioari buelta emanda biztanleko errenta gorakada handiena edota goi ikasketadunen igoera nabarmenena, besteak beste. Baina harrigarriena hobekuntza horiek industrian oinarritu izana da. Bi irudi oso adierazgarri: 1996tik 2011ra industriaren pisua barne produktu gordinean murriztu egin da Txorierrin (-%11) eta Arratian (-%4,3), eta Lea ibarrean 4,1 puntu hazi. Are gehiago, krisialdian Lea bailaran industriak pisua irabazten joan da eta azken datuaren arabera barne produktu gordinaren %42 suposatzen du, Txorierrin %27 eta Arratian %35 den bitartean. Antzekoa gertatzen da industriako lanpostuen bilakaerarekin, krisi aurretik gehien sortu zuen eskualdea eta krisialdian gutxien galdu zuena izan baitzen.

Sortzen den hurrengo galdera hauxe da: nola arraio da posible? Garapenari buruzko eskuliburu nagusienen arabera ezinezkoa izango baitzen. Erantzuna tokiko garapen endogenoko estrategia hamarkadetan sostengatuz da. Bailara honen historia bitxia da oso. Ahuldade eta gabezi guztien gainean, Bizkaiko Foru Aldundiaren edota kooperatiben korporazioaren jarrera ezkorraren aurrean (etengabe esaten enpresak bailaran baino Markinan edo Durango inguruan kokatzea hobe zela, garraiorako azpiegiturak eta zoru industriala bertan zegoelako) autokonfiantza erakutsi eta bidea mamitzen joan ziren.

Asko eskematizatuz gertaeren segida hau litzateke: diktadura garaian, unibertsitatean zein Markina eta Arrasateko eskola politeknikoetan ikasten zuten bailarako hainbat gaztek eskualdea utzi behar ez izateko, bertan etorkizuna eraikitzeko zerbait egin behar zela-eta, dinamika komunitarioa bultzatu zuten. Kultur eta hezkuntza arloan jardun zuten eskualdeko identitatea indartzeko, eta, ekonomiako batzorde batean enpresa egitasmoen bideragarritasun azterketak egin ondoren, kooperatiba batzuk sortu zituzten. Enpresa hauentzat zoru industrialaren beharra zutenez, Foru Aldundiarengana jo zuten bailararen erdian, Gizaburuagan, poligono bat eraiki zezan eskatuz. Erantzuna ezezkoa izan zen, eta gonbitea enpresa horiek Durangon edo Markinan koka zitzatela. Leatarrek, tematuta, antza zaborraren kamioi bat erosteko iritsi zen diru-laguntza balizko poligonoa kokatuko zen eremura joateko errepide bat asfaltatzeko erabili zuten, inora ez zeraman errepidea alegia. Erokeria horren aurrean eskuak burura eramanda, Foru Aldundiak azkenean poligonoaren lehen fasea eraiki zuen, akaso pentsatuz egitasmoaren porrotarekin ameslari horiek bakean utziko zutela. Euskal Herriko lehen poligono industrial integrala eraiki zen 1984an, Okamika poligonoa, integrala hainbat zerbitzu bateratu dituelako. Bertan hainbat enpresa kokatzen hasi ziren eta garapena sustatzeko talde dinamizatzaile baten bitartez enpresa gehiago sortu eta erakarri ziren. Enpresekin harreman jarraituan zegoen talde profesional batek bertako ehun produktiboa dinamizatu zuen, hainbat arlotan aholkuak emanez, segimendua eginez, elkarlana sustatuz eta ekintzailetasuna bultzatuz. Behatoki teknologikoa eta enpresen haztegia martxan jarri zuten. Azaro Fundazioarekin batera enpresetan berrikuntza teknologikoko prozesuak bultzatu zituzten, baita ikerketa oinarrizko eta aplikatukoak ere. Ez ahaztu tradizio industrialik gabeko eta gaizki komunikaturiko leku batez ari garela. Eta hala ere, 300-400 lanpostu inguru biltzea lortu du poligonoak, zailena den sektorean gainera, industrian alegia. Populazioarekiko proportzioan, Sakanan, esaterako, 4.000 lanpostu izango lirateke, inoizko langabezia kopuru gorenaren bikoitza.

Adibide hau ekartzearen asmoa zerotik abiaturiko eta baldintzarik zailenetan abiatutako garapen esperientzia erakustea da, beste leku askotan posible denaren tartea aurreiritzi eta eskuliburu orokorren gidalerroetatik hegan egiteko. Badaude beste adibide batzuk gure ingurunean. Aipatzekoa da Zerainekoa ere. Metodologia antzeko baten bidez, 1970eko hamarkadan abiatu ziren. Biztanleriaren inplikazioa ere gakoa izan da beraien arrakastarako. Emaitza, aldiz, erabat desberdina da, industria ez baitzen beraien bizkarra izan. Zerainen zirkulu birtuosoa eraiki dute. Beraien ondare materiala berreskuratu eta balioa eman diote milaka bisitariren intereserako. Kultur Parkea da adibide izarra. Turismoari zerbitzuak emateko hainbat azpiegitura sortu dituzte. Bestalde, turistak bertako ondasunen kontsumitzaile bihurtzea dute xede. Artzainak gaztaren ofizioa berreskuratu eta balio katearen ohiko egiturari buelta eman diote, salneurriaren portzentaje handiena ekoizleen esku utziz. Ekintzaile komunitario sustatu dute eta elikaduraren sektorean batez ere hainbat kooperatiba sortu. Enpresekin hartu-eman zuzena eta berritasuna bektore nagusi izan dira Zerain Dezagun Fundazioan. Horren erakusle bertako txirrinduentzako egurrezko koadroak. Ondarea –turismoa– tokiko manufaktura da; hiru geltokiko eskema sinplifikatua.

Herri txikien ahalmen eta gaitasunen jabe egiteko bi adibide. Biak oso ezberdin, baina badituzte eremu komunak. Alde batetik, tokiko eragile, pertsona eta gizarteak beren gain ardura eta protagonismoa hartu dute bizi dituzten hainbat arazori aurre egiteko. Gizartearen kohesioa eta inplikazioa zutoin dira, eta, nahiz denborarekin higatu edo gertaera batzuek torpedatu, etengabe ureztatu eta berrosatu beharrekoa. Ekonomialarien terminologian esanda, abantaila lehiakor eta imitaezinak eraikitzeko argamasa gizarte-kapitala da, hots, elkarlana, konfiantza eta leialtasuna sendotzen duen aktiboa. Zentzu horretan gutxieneko adostasunak posible dira ideologi ezberdinen artean. Hain dira gutxi eskala hauetan dauden eskuduntzak eta aukerak, garapen bizi-esperientzi hauek liskar partidistetatik kanpo utz daitezkeela.

Bestalde, garapenak dimentsio anitzak baditu ere (gizakien gaitasunak, ingurugiroa, berdintasuna eta justizia, boteretzea…), ezinbestean oinarri material produktiboa izan behar du denboran sostengarri izan dadin. Sarritan pentsatu ohi da garapen prozesua parte hartzailea bada arrakasta ziurtatuta dagoela. Eta ez da horrela. Sare produktiboaren biziberritzea, enplegua edo enpresak sortzea oso zaila da. Ekintzailetasunari, bere formulazio guztietan (intra, inter, komunitarioa, indibiduala), talde dinamizatzaile profesional baten laguntza mesedegarri zaio erabat. Bestea, asmatzea da, motzean, ertainean eta luzera begira. Baina lokaztu gabe, ezin asmatu.

Pasadizo bat amaitzeko. Bi esperientzion gidari izan ziren bi pertsonari arrakastaren gakoa zein izan den galdetu nien. Biek ez zuten elkar ezagutzen, eta erantzun berbera eman zidaten: autoestimua.

Bilatu