Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Instituzioetako jardunaz

Laster bi urte izango dira EH Bilduk Gipuzkoako Aldundia utzi zuenetik EAJ eta PSEren ententeari bide emateko. Kolpe handia izan zen gure mugimendu politikoan eta oraindik orduan gertatuaren bixamona nabari dut hitz egiten dudan jende askoren artean. Badira depreak jota daudenak eta badira jakintsuak ere, besteek gauzak nola egin behar dituzten edo, hobeto esan, nola egin behar ez dituzten diagnostikatzen abilak direnak, diagnosi horiek palpito pertsonaletan eta ondoko bizpahiru lagunetan, edo arerioaren titular batean baino fundamentu zientifikoagorik ez dutela kontziente izan gabe. Bigarren horiek albo batera utziz lehenengoetan zentratuko naiz.

Asko maite dudan Nikaraguako lagun bati sandinistek 1990ean gobernua galdu zutenean nola bizi izan zuten entzun izan diot sarri. Amets baten amaiera, utopiaren akabosea, errealismoaren gaindosia, eszeptizismoaren gailentzea, etsipena. Badu horretatik Gipuzkoan gertatuak. Deprearen oinarria gertaeren zioak ez ulertzean dagoelakoan nago. Eta ez naiz harritzen. Izan ere, nago, oraindik ez dugula gertatutakoaren kausekiko azterketa zientifiko sakon bat egin. Bi urte pasatu badira ere, egin beharrekoa iruditzen zait, edozein estrategiak, edozein estrategia irabazlek bederen, bi baldintza behar dituelako: bata, irabazteko borondatea (ikusten dudana) eta bestea, diagnosi on bat, palpito eta topikoetan baino datuetan oinarrituko dena.

Oso baikorra naiz azken hilabete hauetan izaten ari diren maila desberdineko gertaerekin. Sorturen eztabaida prozesuak eta orain EH Bildurenak oinarri sendoak jarriko dizkio, antolakuntzakoak eta estrategikoak, ekin beharreko bideari. Gatazka politikoaren ondorioetan EH Bilduk proposamen sendo bat egin du; EPPK-k indartsu dihardu maila propositiboan; armagabetzean gizarte zibilaren ekarpena baliotsua ari da izaten; maila sindikalean sumatzen den azken urteetako dinamiketatik harago herri hau beste norabait eramateko borondatea… eta zer esanik ez Kataluniako prozesu miresgarriaren olatuaz, zeina estatuari bigarren fronte bat irekitzeko baliatu behar dugun, olatu katalanak ez gaitzan hondartzan krema jartzen harrapa. Jende bati, hemen estrategia independentista bat martxan jartzeko baldintzak ez daudela esaten duenean, benetan ez diot ulertzen. Baldintzak, inguruak eta norberak eragiten dituen faktoreen batuketa dira eta ezin diogu geure buruari esan, nolabaiteko fatalismo batekin, estatuari bigarren fronte bat irekitzeko baldintzak ez daudela. Baldintzak badaude eta halabeharrez gehiago sortu behar ditugu. Badakit hau esatea erraza dela, nolakotasunean dagoela gakoa. Aktibazio soziala eta estrategia instituzional eraginkor bat behar ditugu gure proiektu politikoa egingarria eta, areago, desiragarria dela konbentzitzeko. Lehenaz nik baino askoz gehiago dakiten milaka herritar antolatu daude, zorionez, eta haiek esan dezatela nola.

Nik ezagutzen dudanaz hitz egiteko profitatu nahi dut espazio hau. Azken aste hauetan albiste pozgarriak iritsi zaizkigu EH Bilduren proiektua defendatzen dugunoi. Batetik, aldundiak bidesari politikak bateratzeko asmoz elkarrizketetan ei dabiltza, arkitektura foralistari herri ikuspegia txertatuz. Aldundian egon ginenean gai hau herri gisa antolatzeko erronda egin zuen EH Bilduk gainontzeko aldundiekin eta orduko Nafar Gobernuko kontseilariarekin. Haizea hartzera bidali gintuzten berak ari dira orain gure politika berberak egiten.

Beste albistea epaitegitatik iritsi zaigu. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Gipuzkoako Aldundiak herriarteko autobus zerbitzua hobetzeko aurreko legegintzaldian hartutako erabakiari. Mugi txartelarekin batera (Bat eta Barik ez dira urrutitik ere hain sistema moderno eta integratuak 4 urte beranduago), bere eskuduntzako ziren herriarteko autobus zerbitzuetan iraultza egin zuen EH Bilduko taldeak, urte luzeetan gaurkotu gabe zeuden lineak, maiztasunak eta ibilbideak jendartearekin antolatuz, 5.000tik gora gipuzkoarren parte hartze eta ekarpenak jasoz. Operazio ilun bat jarri zuten batzuek martxan, autobus kontzesio guztien esleipenei helegitea jarri eta zerbitzuak bertan behera gera zitezen, hauteskundeetarako EH Bilduren enegarren porrota irudikatzeko. Joko zikina eta kaltetuak herritarrak. Orain Auzitegiak kontzesioak ondo esleitu zirela esan du eta Marisol Garmendia PSEko egungo Garraio diputatuak gutaz esan zituen astakeriengatik barkamena eskatu beharko luke.

Hirugarrenik, Bizkaiko hirugarren adineko egoitzetako langileen urtebeteko mobilizazio eta grebekin amaitzeko hiru hilabete izango ditu Lakuak zerbitzu horren arauketa egokiago bat egiteko, modu horretan Bizkaiko Aldundia kalitatezko zerbitzu publiko bat eta langileen baldintzen duintze bat egitera behartuz. Horretan ere Gipuzkoa zerbitzu publikoen kalitatearen eta sektore publikoaren defentsan eredu.

Bi urte hauetan guk markatutako norabidean jarraitzen dute, beraz, egungo kudeatzaileek. Batzuetan uste dut haiek gu baino kontzienteago direla zeinen ondo egin genituen gauzak aldundian eta Gipuzkoako udaletxeetan. Eta gu han inoiz ez garela egon irudikatzen saiatu badira ere, gauzak ez dira berdin gu han izan ginenetik. Diferentzia markatu genuen: Gizarte zerbitzuen karteraren definizioa beste lurraldeek baino goiztiarrago egina, dependentzia legearen betearazpen zabalena, berdintasunean emandako aurrerapauso nabariak politika feminista errealak luzatuz, ingurumenean, energian eta hondakinen kudeaketan erakutsitako alternatiba izaera, errauskailu bat ixtetik hasi eta atez atekoen inplantazioari esker, eta oro har birziklapen derrigorrezkotasunari esker, pauso nabariak emanez. Horiekin batera, garapen ekonomikoaren paradigma aldaketa lurraldeko enpresa txiki eta ertainekin eta enpresa talde ezberdinekin buruz buru jardunaz, eta zerga eraldaketa itzelezkoa, eztabaida fiskala gizarte ereduaren eta estatugintzaren oinarrian jarriz, lan ondo eginaren adibide esanguratsuak dira. Oinarri sendoak, beraz, hurrengo hauteskunde foraletara begira anbizioz eta garaiz jarduteko. Izan ere, 2019a hor dago eta aukera errealak ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeaketa berreskuratzeko. Egin dezagun estrategia irabazle bat.

Esaten dudana ez dezala inork harrokeria ariketatzat interpreta, etorkizunerako balio dezakeen ekarpen militantetzat baizik. Ze bai, egia da gauza ederrak egin genituela instituzio ezberdinetan, etorkizunean izango dugun estatu baterako zertzelada batzuk marraztu genituela eta gai izan ginela proiektu politiko ezberdindu bat irudikatzeko, EH Bilduk izan behar duen markaren zirriborro bat egiteko. Baina hiru arazo nagusi izan genituela esatera ausartuko naiz (ni ere modu erabat ez-zientifikoan, palpitoetan oinarrituta): Bata, ez ginen arerioari aurre egiteko pedagogia politikoa egiteko gai izan. Bigarrena, instituzioetan jarritako indarra ez genuen derrigorrezko aktibazio sozialarekin uztartu. Eta hirugarrena, ez genuen eta ez dugu garbi eta definituta instituzioak herri proiektu bat eratzeko estatugintza egiteko eta markoa gainditzeko jokatu behar duen papera.

Egindakoa balio justuan jarri, animoa altxa eta borroka instituzionalaren potentzial guztia garatzeko unea da. Praktikoak izanik baina utopiei uko egin gabe, praktikotasunaren tendentziak izatearen desitxuraketa ekartzen baitu maiz, praktikoa inteligentea den eta utopikoa inuzentekeria den uste okerrean. Gure izaerari, markari eutsi behar diogu, beste aldeen imitazio izateko tentazio oro ekidinez.

Phil marmota iragan astean atera zen Pensilvanian, negua sei astez luzatuko dela iragarriz. Euskal Herrian ezin dugu egunero marmotaren eguna errepika dadin utzi, ez behintzat herri honi ez badiogu Phil-en iragarpena betetzea opa.

Bilatu