Gorka Izko Leatxe
Gora Iruñea! plataformako kidea

Iruindarrok plazara!

Herri Sanferminak erdigunean antolatzen jarraituko dugu, iruindarrok gure jaietako protagonista nagusiak garelako.

2016ko Sanferminen arrakastaren ondoren, aurtengo Sanferminei begira aspaldi hasi ginen lanean Herri Sanferminetako partaideok. Aldaketen Sanferminak izan ziren pasa den urtekoak, eta norabide horretan sakontzea dagokigu herri eragileoi. Urteak eman ditugu Iruñeko bizitza sozio-politikoan baztertuak, eta Udalean emandako aldaketari esker ate ezberdinak zabaltzen hasi dira herri mugimendua osatzen dugun eragileontzat. Sanferminetako mahaiaren parte hartzea zabaldu eta handitu egin da, bazen garaia! Egun, Iruñeko egunerokoan lanean ari garen hamarnaka eragile bertan gara partaide. Bertan, jai ereduaren gaineko hausnarketa eta ekarpena egiteko aukera dugu eta etorkizun hurbil batean benetako mahai erabakiorra osatzea izanen da gure lehentasuna. Askotan esan dugu, herritarrok gure jaietako protagonista nagusiak izan nahi dugu, jaiaren erdigunean ikusi nahi dugu gure burua. Horretarako, jaiaz gozatzeaz gain, jaiak ere antolatu nahi ditugu.

Baztertuak izan gara urtetan, eta iazko Sanferminetan erdigunera egin genuen jauzia. Baztertuak izatetik plazara salto egin genuen, euskara plazara, emakumeak plazara, gure kultura, gure ohiturak, auzolana… plazara eraman genituen. Lehenengo eta behin, bertakook eskubide osoa dugulako gure jaiak nahi moduan antolatzeko. Eta bigarrenik, mundu mailan ezagunak diren jaien erakusleihoa aprobetxatuta, plazaren erdira eraman genuelako bestelako jai eredu bat. Guztion ahaleginaren bidez egingarria den jai eredu parte hartzaile, herrikoi, euskaldun, feminista bat, eta baita ekologikoagoa, anitza, kulturala eta antikapitalista ere.

Hausnarketa eta eztabaida prozesu sakona eman genuen aurreko urtean zehar herri eragile ezberdinok. Jai eredua jo mugan, guztion ekarpena ezinbestekoa izan zen Herri Sanferminak garatu ahal izateko. Jai eredu eraldatzailea dugu helburu, bestelako hiri eredu batean aldeko hautua egin dugu. Eta horretarako herri eragileon arteko elkarlana eta auzolana oinarri, plaza txikietarako jauzia burutu genuen. Eredu hurbila, herritarron arteko harremanak sendotzen dituena, parte hartzeari irekia, belaunaldi ezberdinen topalekua izan ziren plazak eraiki genituen, plaza jasangarriagoak bilakatu genituen, ekosistemarekin konprometituagoak eta bizilagunekin ahal den heinean elkarbizitzan oinarritutako plazak.

Eta ildo horretatik ari gara 2017ko Herri Sanferminak prestatzen. Aurtengo apustua ere plaza txikien aldekoa da, jaiaren erdigunean kokatzen diren plazak. Erdigunean jarraitzeko gure irmotasuna adierazi nahi dugulako, iruindarron kokaleku naturala hori delako, plazaren erdian. Plaza txikietan gune xumeak eraikiko ditugu aurten ere, azken urteetako irakaspenetako bat gune handiek sistema kapitalista heteropatriarkalaren baloreak erreproduzitzeko erraztasunak ematen dituztela izan delako. Plazek gure baloreak zeharka lantzeko aukera ematen digute eta baita balore hauen normalizazioa lortzeko aukera ere. Eta horregatik plazaren erdian euskaraz libre bizitzeko hautua egina dugu, emakumeak aske bizitzeko hautua, auzolanean, autogestioan, ezberdinen artean eta modu jasangarriagoan jaiez gozatzeko hautua egina dugu.

Irrikitan gaude eratuko den Sanferminetako guneen mahaian parte hartzeko eta ilusioz beteriko gure proiektua aurkezteko. Gainontzeko eragileekin batera planteamenduak uztartzeko eta hiriari mundiala izango den eskaintza antolatzeko.

Guztion artean Sanferminak antolatzeko garaia heldu da. Aurtengo Sanferminetan ere iruindarrok protagonistak.

Bilatu