Mikel Zalbide
Euskaltzain

Joshua A. Fishman joan zaigu

Joshua A. Fishman hil da herenegun arratsean, New York-en, laurogeita zortzi urte zituela. Gaur goizean izan dugu berria: Jasone Zenotz eta Durk Gorter irakasleek lehenik, eta Peruko Myriam Yataco-k handik gutxira, eman digute albistea. Nahigabe bizia sentitu dugu hainbatek: “a beloved teacher and influential scholar” deitu dio Ofelia Garcia irakasleak Joshua Fishman-i, bere gaur goizeko hil-berri argian. Erdiz erdi asmatu du, gure ustez, The Multilingual Apple famatuaren prestatzaileak. Irakasle hilberriaren jakituria zabal eta sakonak zeharo txunditu izan gaitu maiz. Hain berea izan duen gizabide zabal, orbanik gabea hori bezainbat miretsi izan dugu bestetik, eta bihotzez eskertu.

Judu genuen, jatorriz, Joshua A. Fishman. Europatik Estatu Batuetara joandako familia judu batean jaio zen Filadelfian, 1926an, eta Jiddish hizkuntza Kontinente berrian bizirik gordetzen gogor saiatzen zen familiarte eta ingurumen aktiboan hazteko aukera izan zuen. Unibertsitateko irakasle, ikertzaile, aholkulari eta argitaratzaile nekaezin izan da gero, urte luzez. New York-eko Yeshiva unibertsitatean ikerketarako katedradun emerito genuen azken urteotan. Batez ere hizkuntza-soziologiaren bide-urratzaile nagusitzat hartzen bada ere, larre askotan bazkatua dugu irakasle judu-amerikarra. Bere ekarpen nagusien artean hor dago, nolanahi ere, berak zuzendurik berrogei bat urtez etengabe kaleratu den International Journal of the Sociology of Language (IJSL) aldizkari famatua. Autore edo bilduma-prestatzaile gisa paratu dituen ehun bat libururen artean hor daude, adibidez, Language Loyalty in the United States (1966), Bilingualism in the Barrio (1968/1971), Language & Nationalism: two integrative essays (1972), The Rise and Fall of the Ethnic Revival (1985), Reversing Language Shift: Theory and Practice of Assistance to Threatened Languages (1991), In Praise of the Beloved Language; The Content of Positive Ethnolinguistic Consciousness (1997) eta Do Not Leave Your Language Alone: The Hidden Status Agendas Within Corpus Planning in Language Policy (2006). Liburuez gainera, esan bezala, mila  artikulutik gora idatzi eta argitara emanak ditu han-hemen.

Hiztun-elkarte txiki bateko hiztun elebidun aktibo izanik, ahuldutako hizkuntzen gainbehera eta bizirik irauteko nekea argiro ulertzen saiatu izan da Joshua bizialdi osoan. Bere kasu partikularretik abiatu bazen ere gaztetan, mundu zabaleko beste hainbat hiztun-elkarte ahul edo txikiren egoera sakon aztertzen saiatu zitzaigun gero, mundu zabalera itzuliz begiak. Euskal herria eta euskara ere aztergai izan zituen. Hainbat harreman izan zuen, bere ikersaio horien ildotik, euskaldunokin. Bisitaldi (eta, bide batez, ikerraldi) gehienak 1980ko hamarkadan egin zituen, Juan Cobarrubias irakasle hispano-amerikarraren eskutik eta Eusko Jaurlaritzaren eskari ofizialez. Hainbat ikastaro eta hitzaldi eman zuen zenbait urtez: Hizkuntza-plangintzazko jardunaldian (1986), Euskal Mundu Biltzarrean (1987) eta Euskal Eskola Publikoaren Lehen Kongresuan (1989) jardundakoa da, bereziki. Aparteko lan-mintegi zabalean ere buru-belarri jardun zuen, Hizkuntza Politikarako (orduan) Zuzendaritzaren bidetik.

Ohorezko euskaltzain genuen, bestalde, Joshua Fishman. Bistan da zergatik: esan bezala ekarpen ederrik egina zen ordurako, hemengo hizkuntza kontuaz. Aparteko ekarpenak eginik zen, batez ere, euskararen oraingo egoeraz eta aurrerabide posibleez. Bai aholkulari gisa eta bai artikulu edo liburu jakinen idazle moduan, argitze-saio askotxoren eragile izanik dugu. Ahuldutako hizkuntza indarberritzeko saioa perspektiba teorikotik lantzen saiatu ohi zen bere ekarpen horietan, lehenik eta behin. Ikerbide horretan aurrera egin nahi genuenoi bere onginahia, maisu-laguntza eta atxikimendua erakutsia ohi zigun maiz, horrezaz gainera. Bazen beraz motibo sendorik, Euskaltzaindiak ohorezko kide izendatzeko. Euskaltzain-diploma bere etxean, New York-eko Bronx-en, eskuratu genion orain dela lau urte t’erdi. Bere familiaz inguraturik egin zigun harrera, bere emazte Gella Schweid Fishman buru zelarik, hizkuntza-soziologiaren bidegile nagusiak. Edadean aurrera eginik zen ordurako, baina beti bezain buru-argi agertu zitzaigun: esker onez eta, ohiko moduan, begitarte arraiz. Lagunarte jantzi-maitakorrean jardun genuen arratsalde hartan, huntaz eta hartaz, ilunabarrera arte. Tartean genituen Fishmandarren semeak eta haien familiartekoak. New York-eko City University-ko Ofelia Garcia portorrikar jatorrikoa eta Ricardo Otheguy euskal-amerikarra ere bertan izan ziren. Estatu Batuetako eta Europako beste hainbat soziolinguista ere hurbilagotik ezagutzeko aukera izan genuen orduan. Gatozen ordea Joshua Fishman-en alorrera. Asko estimatu zuen maisuak Euskaltzaindiaren ohorezko izendapen hura. Garai bateko joan-etorriak eta gure arteko ikerraldiak, bai eta hemengo hainbaten esanak, gogoan zituen artean. Hizkuntza-soziologian eta glotopolitika instituzionalean Euskal herrian aurrera samar ibilitako zenbait kide gogoan zituen bereziki: Mari Karmen Garmendia eta Maria Jose Azurmendi, besteak beste. Gorputzean ez ezik buru-jardunean ere antzematen zitzaion, halere, urteen pisua. Normala ere denez lehenari so zegoen maisua, geroaren irrikatan baino areago, zenbait alor akademikori zegokionean. Hala aitortu zidan espresuki, eta benetan zioela badakit zeharbidez. Behinolako lankidetza-bide akademikoari berriro heldu nahi izango niokeen gustura, baina beranduxko zen: urteen zama batetik, lan-jardunaren nabarra bestetik, eragozpen sendoegi gertatzen ziren. Ez genuen orduan, damuz, aurrerabide berririk lotu ahal izan.

Ez da ordea, inondik inora, etsipenezko lantu-jotzerik egiteko tenorea. Bai, aldiz, esker onez eta miresmen zabalez bere esan-eginak goraipatzeko unea. Hor gelditzen da, izan ere, maisuaren uzta, bere emaitza erraldoia. Erraldoia kopuruz, lehenik eta behin: ehun liburu inguru eta mila artikulutik gora kontatu dizkiote berrikitan. Erraldoia, bestalde, landu dituen esparruen ugariagatik eta, oso bereziki, esparru bakoitzean utzi duen arrasto sakonagatik. Hizkuntza-soziologiaren oinarri teorikoak eta, aplikazio-alorrari eutsiz, ele biko hezkuntza, hizkuntza-plangintza, hizkuntza eta abertzaletasuna, hizkuntza eta erlijioa edota beste hainbat alor ezin ganoraz landu litezke gaur, bere azalpen zehatzak, paradigma nagusiak eta aurkikuntza jakingarriak alde batera utziz. Ezinbesteko erreferentzia dira oraingoz, mundu zabalean, bere ekarpen horiek: ezinbesteko erreferentzia dira eta, iragarle-lanak huts egiten ez badu, luzaroan ere halatsu izango direla esango genuke.

Gurea bezalako hiztun-herri txikiek, hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena nahi baino ahulduago daukatenek, badute maisu handiari zer eskertu. Milaka gara mundu zabalean, ez hiruzpalau edo bospasei, egoera horretan gauden herriak. Egoera horren analisi intelektualari aurrez aurre heltzen asmatu izana ez da, bere merezimendu zabalen artean, gure ustez meharrena. Hori egiterakoan ez du, gainera, “han-hemengo bitxikerien” datu-bilketa izan helburu. Hilzorian dagoen “gaixo galdu”-aren kontua ez, berri-berria den eta berri-berria izaten jarraituko duen fenomenoa global zabala baizik, ikertu du maisu zendu berriak. Fenomeno zabal, alde anitzeko eta multikausal hori egoki ulertzen, eta bere arazoak zentzuz onbideratzen, lagundu nahi izan digu Joshua Fishman-ek. Han-hemengo transformazio ekonotekniko, soziokultural eta politiko-operatiboen eskutik datorren modernitateak lekuan lekuko jatortasun etnokulturalarekin talka egiten duen mundu-bazter orotan sortu izan diren, sortzen ari diren eta sortuko diren auzi-liskarrei gizabidez, taxuz eta ahularekiko begirune handiz erantzuten saiatzeko argitasun teoriko zabalak eskaini dizkigu batetik, eta lanerako metodologia zehatza eskuratu nahi izan digu bestetik. Intelektual gutxigatik esan liteke horrenbeste. Eskerrik asko, maisu.

Bilatu