Bittor Abarzuza Fontellas

Laneko bokataren denbora

Bokata jateko ordu erdia kendu ziguten lantegian, baina inork gutxik ez zuen ja ere esan horri buruz eta mundu guztiari kontrako eztarrira joan zitzaion txorizo-filarmonika hura, 10 minututan irentsi behar izatean. Lehen, jaungoikoaren kriston zalaparta sortuko zen ,zartailu eta guzti. Baina aunitzez urrunago joan nahi zuten: bai lantegitik kanpo bai barnean, gero eta denbora gehiago izan nahian, jai egunak murriztu zizkiguten, baita guretzat sakratuak ziren horiek ere.

Atsedenaldiak ere txikitu zizkiguten, 5 minutu eskas horiek estutu nahian zebiltzan, zekenki, tirabirako tratuetan, 35 gradutan arnasten genituen kimiko itogarri horietatik ihes egiteko izaten genituen horiek.  Hori bai, oparoak izan ziren aparteko orduak banatzen, etxean egoteko genuen asti eskasari zatirik handiena ken geniezaion, aurrez fabrikatutako etxe hipotekatu horietako batean; luxuzkoa, baina. Are erretretaren adina luzatu ziguten, zaharreriak jotako hezurrak hautsi arte. Denbora, denbora ebatsi ziguten, gu ohartu gabe

Lo-kuluxkaren aldia, zangarkeriarena, bizitzarena, gure jendearekin egotearena, gure ume koskorrena. Arima desjabetu ziguten. Sakelako telefonoan bilatzaile bat ezarri ziguten, horren bitartez ETTak mandatuak ematen ziezazkigun edota araurik gabe kalera bota gintzan. Gure erlojuak zegoeneko ez ziren gureak, denbora guztia lantegiaren alde korritzen baitzen. Erabateko erabilgarritasuna, dohainik. Gure dibertitzeko era eta gure astialdi librea konfiskatu ziguten, horren ordez guztiz azkarregia den bisita labur eta gidatua inposatuz. Abiadura handiko aisialdia, zeinen antsiaren zama kentzeko, arbitro horiei hijoputa batzuk oihukatzen dizkiegun, beste motatako lantegi boteretsu hartan. Denboraren konortea galtzen den lantegi handian. Ez dira arbitro horiek gure lantegiko berberak izanen?. Kalkuluak: asto-etxe hartara joateko denbora, 8 ordu, gehi 2 ordu joan etorrian, 10 sinkronizatu zizkidaten; mindutako gorputza berreskuratzeko, 6, eta, gainerakoa, arrasto bat baino ez naiz. Kontsumoaren erlojuan fitxatzen duen arrastoa: 30 jai-egun bedeinkatuen izenean, ergel zorabiatuendako aberastasun ametsak fabrikatzen dituen beste lantegian… Lugar de vacaciones: ¿dígame?. Eta kaikuena: erlojugilea. Plasma-telebista, mugikorra, facebooka, Interneta, autoa, … guztietarik badaukat. Denbora itotzen didan guztia. Makinari lotua naiz Sujeto, baina ez zen hori nere adolestzentziaren ametsa izan: Iraultzaren Langile-Subjetua izatea. Bere kate-sareek, bere konpainiek, logotipoek eta negozioek, horiek dira astia txorizeatu egin zidatenak. Horiek al dira egun bere jabeak?.

Denbora bahitu zuten. Ikasteko nahi eta jakin-minarena, adiskideena eta parrandan ibiltzearena, amodio betierekoa, abenturarena, familiarena, jateko ordu lasaiarena, mendiko txabolan egon eta mila izarrenekoa, laneko bokatarena, bai eta karajilloarena ere. Lantegiko hamar mandamenduak kantatzen zuen Errobik: “lanean denborarik ez galtzeko ez zara inoiz lagunekin solastatuko”, (elkartasunarena ez ote?). Enfin, gauez lan egitera behartu gintuzten eta ipurtargiak ikusteko parada ere lapurtu ziguten (horrela zioen Passolinik). Langabetuen poltsaren ordu guztien kopuruetan zenbatu gintuzten besteok beldur araziko eta guztiok langile temporero bihurtzeko. Are gehiago: denbora eta dirua irabazteko asmoz, robot bat paratu zuten eta, bat-batean, 6 langile soberan zeuden, eta jendea jartzeko eta kentzeko erabiltzen duten denbora osoaren baitan sartu zuten jende hori guztia,

Baina ni aspaldin hasi nintzen protestan. Marraskiloa bezalakoa, ene protesta astitsua da, kontzienteki lasaia, patxadatsua. Nire protesta horren guztiaren aurka geldiro doa: “herenegunerako-nahi-dut” horren kontra, lehiakortasun estresagarria edo “enpresagarria”, hiriko skaletrixaren eta ranking nerbiosoaren aurka, erokeriazko kea, AHTren kontra, dena-oraintxeko erosketak, zapping antsiatuaren aurka, kulturagabezi motza eta ezjakintasun bizkorra, denbora urrea dela dioen leloa, gure etxeetatik kaleratu gintuzten denbora bankarien aurka, denbora militarizatu zuen boterearen kontra eta hura xahutzen duten militarren aurka, nire burujabetzaren segundo bakar bati ere lapurreta egin nahi dioten partiduen kontra, lantegiko tik-tak horren kontra eta nire bizitzan erabateko sarrerako kontrol-erlojua ezarri nahi dutenen aurka. Nire proposamena ere lasaia da, kontzienteki lasaia: bokata dastatu, lagunak egin eta prisarik gabe konspiratzen segitzea, baina gogoz. Honatx orain nire kredoa eta erritmoa: Ez Kronosik ez Byterik ez Denbora-Jaberik.

Bilatu