Itziar Aizpurua
Ezker abertzaleko militantea

Memoria berreskuratzen

Durangoko Azokaren deiadarrak urtero erakartzen gaitu euskaldunok eta baskoak. Nire baitarako, euskaldun eta basko izenen arteko aldea hizkuntzaren erabilpenari dagokio, beraz, ez du beste inolako konnotaziorik: euskara erabiltzen duena batetik, eta euskara jakin arren, erdara erabiltzen duena bestetik.

Azoka guztiak bezala, erakusleiho ederra da, eta inongo zalantzarik gabe, bakarra Euskal Herrian. Literatura mota guztiak aurki ditzakegu bertan, baita zenbait musika mota ere. Dena Euskal Herriko herritarrei begira, haurrentzat zein nagusientzat. Gainera, aurten Gerediaga Elkartekoek lortu dute berrogeita hamargarren urteurrena soineko luzez jantzita ospatzea. Txalotzen dut urteotan egin duten ibilbide bikaina, ausardiaz jokatua, Santa Mariako arkupetatik Landakoko zabalgunera.

Nik aurten erakusmahai mostradoretik ikusi dut Azoka, «azokatarrak» hobeto esateko. Erakusmahai batetik bestera begiak luzatuz, galdera bat edo beste eginez, informazio orriak jasoz... irribarreak eta musuak ere bai. Beraz, pozik! Euskal Memoria Fundazioaren erakusmahaian izan naiz. Garrantzizko leihoa baino, ezinbesteko informazio ematen duen tokian.

Euskal Herriaren memoria ez da zerbait norbaitek, asko dakienak, idazten duena, herritarrek bere memorian dutena jasoz idatzia geratzen dena baizik. Hor dago sekulako aldea: Herriaren Memoria herritarren bidez jasoa.

Ez gara konturatzen nolako garrantzia duen Memoria geureganatzeak. Alde batetik, nor garen jakiteko nondik gatozen jakin behar dugulako, eta horrela soilik egin dezakegu etorkizunerako bidea. Gure arbasoen ibilbidea ikusi, eta haien asmatze onetik eta akatsetatik ikasiz aurrerako bidea eginez xuxen joan gintezke, Herri honek behar duen bidea eginez.

Duela bost urte Euskal Memoria Fundazioaren hasieran, honako adierazpenak egin nituen: «Gaurko gazteek gure garaian ezagutu gabeko bitartekoak dituzte beren aurrekoen berri jakiteko, baita orainaren jabe izateko ere (...) Eta hala eta guztiz, nire uste apalean, euskal gizartea oro har, eta gazteak bereziki, ez dira azkenengo 50 urteotako gertakarien bilakaeraren jakitun. Ez dira bere iraganaren, bere historia hurbilaren jabe».

Konturatzen ote gara zapaltzen gaituzten bi estatuen, Frantzia eta Espainiaren, lan nagusienetakoa Euskal Herriaren historia ezabatzea dela? Hori lortuko balute Euskal Herria arnasik gabe geratuko litzateke. Izan ere, iraganik gabeko herriak ez du etorkizunik. Eta gure historia berreskuratzen ez badugu, berehala hilko gara herri bezala! Pertsonak izango ginateke? Baina zein motatako pertsonak? Nortasunik gabeak, noraezean... Ez amaren oruberik, ezta aitaren etxerik ere. Geure Herrian arrotz gure zabarkeriagatik!

Errepresio ideologiko hau ezinbesteko tresna dute Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaren jatorria eta izaera ezeztatzeko, gure buruaren jabe sekulan izan ez gaitezen pentsatua. Ez da lehen aldia euskal herritarrek honelako errepresioa jasaten duguna. Gure aurrekoek haien neurrira egina, frankismo garaian gure neurrira, eta sasi-demokrazia honetan oraingo neurrira egina.

Beraz, ezinbesteko dugu oroimen kolektiboa berreskuratzea egia nagusitzeko. Zapaldua izaten ari den Herri honen egia da behar duguna. Eta Herri honi dagozkion eskubideen aitortzarekin soilik helduko da benetako bakea, ezinbesteko dena bestalde, normalkuntza lortu ahal izateko, egun batean gizarte normalizatuan bizi nahi baldin badugu.

Erdizkako egiak edota gatazkaren alde bateko bere egiak, azken batean, gezurra besterik ez du bultzatzen. Eta ondo dakigu gezurrek ez dutela inoiz Herri askerik eraiki. Eta guk Euskal Herri libre baten alde borrokatu dugu eta jarraituko dugu lanean.

Nire gogo-bihotzean ditut beti bidea eginez utzi gaituzten gudari (borrokalari) ezinbestekoak, dena eman dutenak, eta nola ez, ibilbide berri hau gurekin egin ezinik sufrikario ikaragarria jasaten ari direnak: preso eta iheslari zein deportatuak. Ez ditut nire barrutik kenduko beren etxeratzea lortu arte.

Loa ere askotan kentzen didan «arazo» honek hankasartze handi bat egitera eraman nau bihotz sentiberari kasu eginez: nire atxikimendua eman Amnistiaren Alde eta Errepresioaren Aurkako Taldeari azaroko manifestazioan.

Paristik jasotako berriak ireki ditu nire begiak, eta hori jakinarazi diet zerrendatik nire izena ken dezaten. Egiak egiten gaitu libre, eta akatsetatik ikasten dugu. Sentitzen dut bihotz-bihotzetik inor mindu baldin badut.
 
Aurrera begira dugun erronkak lotuko gaitu Ezker Abertzalean, Independentzia lortze aldera Sozialismoa eraikiz; noski, Memoria kolektiboa berreskuratzen.

Bilatu