Elena Gorbeña

Orrialde zein partitura artean galduta

Non sartu dira gazteak? Nik uste ihes egin dutela beste mundu batera. Ihes egin dute, mundu honetatik aldendu nahian. Literatura, musika edota pintura munduan egon daitezke. Bilatuko ditut.

Becquerren mundu exotikoetan bilatu ditut, sentimendu, pasio eta sufrimenduen artean, baina ez ditut aurkitu. Yoknapatawphara abiatu naiz. Edonola ere, Faulkner jauna besterik ez dut ikusi. Literatura mundua utzi baino lehen, dadaisten ezerrezetik, ukazio absolututik pasatu naiz, eta ez dut ezta Tristan Tzara agurtzeko aukera izan.

Musikaren lurraldean, Elisa topatu dut. Noski, bere partiturako nota leunen artean ez dira izkutatu. Non egongo ote dira? Partitura artean, swing musikaren pentagramako nota dantzariekin ez daude. Sol eta Fa klabeei itaundu diet, baina haiek ez dituzte gazteak ezagutzen. Bestalde, gazteei asko gustatzen zaie atunconpan musika hori. Nolanahi ere, musika hau abesten duten tipoek, eguzki betaurrekoak, txandala eta zapatila garestiak jantzita, ez dituztela begiztatu erran didate.

Bat-batean, desertu batean aurkitu dut nire burua. Erloju urtuak daude leku guztietatik. Agian, errealitatearen gainetik egongo naiz. Gainera, zerutik bi tigre hegan egiten ikusi ditut. Hala ere, Dalí jaunak, piztietako batean montatuta zegoela, oihukatu dit bere basamortuan ez direla gazteak bizi. Beraz, pinturaren unibertsotik ateratzea erabaki dut. Bidetik, Avignoneko andereekin topo egin eta galdegin diet, betikoa. Izan ere, zaila izan da, batak aurpegia aldrebes duelako, eta besteak atzera begira.

Azkenean, drogen mundura heldu naiz. Eta batzuk aurkitu ditut. Haietako asko pilula magikoen gainean hegan egiten daude. Kanutoen basoan, baten bat Txanogorritxuren amamarekin erretzen harrapatu dut. Halaber, ezin ditugu ahaztu, marratxo zurien gainean ilargira abiatu direnak.

Gazteek hanka egin dute. Zenbat aldiz hartu dute kanutoa, liburu bat hartu beharrean? Beste lurralde batzuetara ihes egiteko bide erraza aukeratu dute, inguruan dituzten beste giltza guztiak ahaztuz. Hortaz, noiz hartuko dute liburua? Edo, zergatik ez animatu bolaluma hartzera?

Bilatu